Mundua -
Saharako Krisia
Fronte Polisarioa: 'Saharako herria gudarako prest dago'
Nazioarteko erakundeen isiltasuna, laguntza eta axolagabetasuna salatu du Fronte Polisarioak.
Erredakzioa
Fronte Polisarioak "armak, gizonak eta borondate nahikoa" du gudara joateko; izan ere, Saharako herriak gerrara joateko eskatu du nazioarteko erakundeen isiltasunaren, laguntzaren eta axolagabetasunaren aurrean.
Bucharaya Beyin Fronte Polisarioko ordezkariak Espainian prentsaurreko batean autodeterminaziorako eskubidearen aldarrikapena egin du; izan ere, irtenbide baketsu bakarra da hori.
Bucharayaren hitzetan, Maroko Aaiunen egiten ari den "garbiketa etnikoaren" aurrean, Fronte Polisarioak, azkenean, gerrara jotzeko behartuta ikusten du bere burua.
Gatazkaren inguruko eta Aaiungo kanpalekuan eta bere inguruetan liskarrak sortarazi zituen gertakizunei buruzko informazio falta salatu du berriro Fronte Polisarioak. Aaiunen zenbat hildako edo zauritu izan ziren jakin gabe jarraitzen dute Fronte Polisarioak eta Mendebaldeko Saharako herritarrek. Era berean, informazio falta salatu du Bucharayak. "Aaiun itxita dago", esan du.
Espainiako lau kazetari, El Mundo eta El Pais egunkarietako bi erredaktore eta bi argazkilari itzuli dira gaur Espainiara, Kanaria Handira, Aaiunera sartu ezin izan direlako.
Hori horrela, Mendebaldeko Saharako krisiak nazioarteko lekukorik gabe jarraitzen du. Kazetari asko saiatu dira Aainen sartzen, baina Marokok kaleratu ditu.