Mundua -
Errusia
AEBren ezkutua 'ezerezean' uzten duen armamentu nuklearra aurkeztu du Putinek
“Armamentu sistema berriak izan baino lehen, inork ez gintuen entzuten. Entzun orain!”, adierazi du Errusiako presidenteak. Sarmat misila 10-15 ojiba nuklear eramateko kapaz da.
Agentziak | Erredakzioa
"Helmen ia mugagabeko" Sarmat misil balistikoa aurkeztu du gaur Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Putinen hitzetan, misilen aurkako AEBren ezkutua "ezerezean" uzten du armamentu nuklear berriak.
"Munduan inork ez du antzeko gauzarik, oraingoz. Itzela da!", esan du Putinek nazioaren egoeraren inguruko hitzaldian.
Hitzaldia bideoekin lagundu dute. Pantaila erraldoi batean infografiak eman dituzte. Misilaren ibilbidea, Ameriketako Estatu Batuetako lurraldearen gainetik hegan ikus zitekeen infografietan, baita koheteen proben irudiak ere.
"Berriz esango dut, munduko herrialde bakar batek ez du halakorik, oraingoz", azpimarratu du agintariak. Hemendik aurrera "misilen aurkako sistema estatubatuarra alferrikakoa izango da, ez du zentzurik izango", ziurtatu du buruzagiak.
Sarmat misil balistikoen probak. Irudia: EFE
"Armamentu sistema berriak izan baino lehen, inork ez gintuen entzuten. Entzun orain!", eskatu du.
Zalantzaren bat baldin bazegoen, hura baztertzeko, hurrengoa esan du Putinek: etorkizunean herrialderen batek antzeko armamentua garatzea lortuko balu, "ordurako gure mutilek zer edo zer gehiago asmatuko dute".
10-15 ojiba nuklear
Sarmat (SS-X-30 Satan-2, NATOren arabera) kontinente-arteko misil astuna 10-15 ojiba nuklear eramateko kapaz da.
"Atzerriko gure adiskideek, zuek dakizuen bezala izen mehatxaria jarri diote, Satan", goraipatu du.
Putinek jakitera eman duenez, Errusiako armadak "arma laserreko guneak" eta "arma hipersonikoak" ditu 2017tik. Helmen mugagabea dituzten gurutzaldi-misilak zerrendatu ditu agintariak.
"Esku artean ditugun arma guztiak ez dizkizuet gaur erakutsi. Gaurkoz, nahikoa da. Nire mezua erasotzeko asmoa izan dezakeen edozein lasaitzeko balio izatea espero dut", ohartarazi du.