Mundua -

Erreskate ekonomikoa

'Arrazoizko' irtenbide 'lasai' bat nahi du Irlandak

Irlandak "atzerriko laguntza" eskatu duela dioten informazioak "okerrak eta oinarririk gabekoak" direla adierazi du Brian Cowen Irlandako lehen ministroak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bere Gobernuak defizit eta zor arazoei konponbide "sinesgarri" eta "eraginkor" bat eman nahi diela ziurtatu du gaur Brian Cowen Irlandako lehen ministroak, baina Europar Batasunari (EB) laguntza ekonomikoa eskatu dionik ukatu du.

Dublineko Parlamentuan (Dail) egindako adierazpenetan, Irlandak "atzerriko laguntza" eskatu duela dioten informazioak "okerrak eta oinarririk gabekoak" direla adierazi du Cowenek.

"Merkatuko egoera ikusita, nazioarteko bazkideekin harremanak izan ditugu", azaldu du lehen ministroak. Inbertitzaileen artean "konfiantza" sortu behar du Gobernuak orain, onartu du Cowenek.

"Finantza Ministerioak erakunde horiekin harreman etengabea du", adierazi du Cowenek, EBri, Nazioarteko Diru Funtsari eta Europako Banku Zentralari erreferentzia eginez.

Beharrizan ekonomikoak beteta

2011ko erdira arte beharrizan ekonomikoak beteta ditu Irlandak, Cowenek errepikatu duenez. Bestalde, herstura egitasmoa datorren astean aurkeztuko dute, eta 15.000 milioi euro aurreztea espero dute. Era berean, defizita 2014an Barne Produktu Gordinaren % 3ra murriztea espero dute.

Egitasmo horren lehen fasea abenduaren 7an jarriko dute martxan, 2011ko aurrekontu orokorrak aurkezten dituztenean. 6.000 milioi euroko murrizketak aurrikusi dituzte aurrekontu horietan.

Euroguneak eskainitako laguntza saihestu nahi du Irlandak, baina finantza-sektorea erreskatatzeko pakete bat onar dezake, izan ere, defizit publikoa % 32ra igo du, 50.000 milioi euroko zorrarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea