Mundua -

Bilera Bruselan

Euroguneak presioa egingo dio gaur Irlandari, erreskatea onar dezan

Irlandako krisiak beste herrialde batzuetan (Portugalen eta Espainian, kasu) izan lezakeen eragina ere hartuko dute hizpide.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euroguneko Finantza ministroek bilera egingo dute gaur arratsaldean Bruselan (Belgika), Irlandako egoera ekonomikoa eta krisi horrek beste herrialde batzuetan (Portugalen eta Espainian, kasu) izan lezakeen eragina aztertzeko.

Europa osoa Irlandako mugimenduen zain dago. Izan ere, uharteak % 32ko defizita dauka eta 30.000 milioi euro behar ditu bere bankuak salbatzeko. Horrenbestez, baliteke Europar Batasunak herrialdea erreskatatu behar izatea.

Europako agintariek aitortu dute hartu-emanak izan dituztela Irlandakoekin, baina horiek ez dute laguntza eskatu oraindik.

Hori horrela, Finantza ministroek Europako Erreskate Funtsera eta Nazioarteko Diru Funtsera jotzeko eskatuko diote Irlandari.

Portugal ere kolokan

Irlandako krisia Portugalera hedatu da eta herrialde horretako Finantza ministroak, Fernando Teixeira dos Santosek, aitortu du balitekeela laguntza eskatu behar izatea. Oraingoz, baina, ez dutela hartu-emanik abiatu ziurtatu du.

Nolanahi ere, Teixeira dos Santosek azaldu du Portugaleko eta Irlandako egoerak ezberdinak direla, eurek % 0,4ko hazkundea izan baitute urteko hirugarren hiruhilekoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea