Mundua -

Krisi sakona

Irlandak ez du baztertzen erreskatea eskatzea

Oraingoz, baina, ez du eskatu. Irlanda erreskatatutako bigarren herrialdea izango litzateke eurogunean, Greziaren atzetik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irlandak ez du baztertzen Europan laguntza eskatzea zor guztia ordaindu ahal izateko. Dena dela, oraingoz ez du egin eskaera.

"Gauzak egunez egun gertatzen ari dira", esan du Dermot Ahern Justizia ministroak RTE telebista kate nazionalean, Dublinek laguntza eskatuko duen galdetu diotenean.

Bere aldetik, mezu elektronikoz igorritako adierazpen batean, Finantza Departamenduko bozeramaile batek esan du hartu-emanak izan dituztela nazioartearekin, baina oraindik ez dutela laguntza eskatu berretsi du.

Azken egunetan, Europar Batasunaren iturriek ziurtatu dute balizko erreskatea negoziatzen ari direla, laguntza barik Irlandak irautea ezinezkoa jotzen baitzuten.

Europak erreskatea egin nahi du, Grezian gertatutakoa galarazteko. Izan ere, herrialde hartako diru faltak krisi handia piztu zuen eurogune osoan.

Nolanahi ere, Ahernek ukatu egin zuen negoziaziotan egotea: "Ez dago negoziaziorik. Egongo balira, Gobernuak jakin izango luke, eta ez dakigu".

Irlanda erreskatuko luketen bigarren herrialdea izango litzateke eurogunean, Greziaren atzetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea