Mundua -
Gobernu berria Frantzian
Sarkozyk Fillon mantendu eta Gobernu kontserbatzaileagoa osatu du
Frantziako presidenteak Alain Juppe lehen ministro ohia errekuperatu du Gobernu berri horretarako eta zentristekin eta sozialista ohiekin lan egiteko aukerak baztertu ditu.
Erredakzioa
Frantziako Presidentziak Gobernu berria nortzuk osotuko duten iragarri du. Gobernu horretan, François Fillon lehen ministroaz gain, Michelle Alliot-Marie Kanpo Arazoetako arduraduna izango da eta Alain Juppé, berriz, Defentsa ministroa.
Alliot-Marie Quai d''Orsayeko (Kanpo Arazoetako egoitza) arduradun berria izango da eta, presidentearen baimenarekin, Frantziaren kanpo arazoetako politikaz arduratuko da. Hortaz, Bernard Kouchner sozialista ohiak diplomazia galiarraren ardura izateari utziko dio.
Jacques Chirac presidentearen garaiko Juppe Gobernura itzuliko da. Exekutibo berriak Union pour un Mouvement Populaire (UMP) alderdi agintariaren gaullismoa babestuko duela uste dute oposizioko sozialistek eta baita orain arte Sarkozyren kide izan diren zentristek ere.
Juppe presidentearen bigarrena izango da eta itzulera horrek zentristekin edo sozialista ohiekin lan egiteko asmorik ez duela erakutsi du Sarkozyk.
Horrela, 2012ko hauteskundeetara arte irauteko asmoa duen Gobernu honetan Sarkozyk ez du Jean Louis Borloo kontuan izan. Duela gutxira arte, Borloo Fillonen ondorengoa izango zela uste zuten askok, baina Exekutibo berriaren zerrenda ezagutu baino ordu batzuk lehenago "hitz askatasuna" berreskuratzea nahiago duela esan du Borlook.
Parlamentuan pentsioen erreforma iskanbilatsua onartzea lortu zuen Eric Woerth Lan Ministroa ere kendu du Frantziako presidenteak.
Frantziako Gobernu berriak 31 kide ditu, aurrekoak baina zazpi gutxiago. Gainera, jatorri senegaldarreko Rama Yade Estatu idazkaria ere Exekutibotik atera du Sarkozyk.
Gobernu berriak bost hilabetetan izan diren Exekutibo berriaren norabideari buruzko espekulazioekin bukatu du; izan ere, joan den uztailean, Sarkozyk berak urriaren amaiera aldera aldaketaz arduratuko zela esan zuen.