Mundua -
Hauteskundeak Venezuelan
Presidentetzarako eta legegintzarako hauteskundeak batzea proposatuko du Chavismoak
Aste honetan aurkeztuko dute proposamena Asanblea Nazionalean, aro berri bat hasteko asmoz, "zero kilometroko Asanblea eta zero kilometroko presidente batekin".
Agentziak | erredakzioa
Venezuelako ildo ofizialak apirilaren 22an egitekoak diren presidentetzarako hauteskundeetan Parlamentuko ordezkariak ere bozkatzea proposatu nahi dute. Parlamentua da, hain zuzen, oposizioak kontrolpean duen erakunde bakarra.
Diosdado Cabello Venezuelako Alderdi Sozialistako bigarrenak iragarri duenez, aste honetan aurkeztuko dute proposamena Asanblea Nazionalean. Izan ere, organo horrek deitu zituen presidenterako hauteskundeak lehen lauhilekorako, eta Hauteskunde Batzorde Nazionalak onartu egin zituen.
"Aro berri bat has dadila, zero kilometroko Asanblea Nazionalarekin eta zero kilometroko presidente batekin, herrialdearen alde lan egin, jendeari arreta eman eta beharrezkoak diren legeak onartzeko", esan du Cabellok, VTV Estatuko telebista katean.
Cabelloren esanetan, legegintza-hauteskundeak "ordenatzeko" erabakia Asanblea Nazionalak har lezake "inolako arazorik gabe", Konstituzioak 2020an egin beharko liratekeela ezartzen badu ere.
Bestalde, Omar Barboza Parlamentuko presidente eta oposizioko kidearen iritzian, "zilegitasunik eza" ekarriko duen bidea izango da, eta Ganberatik "Konstituzioa, herriaren burujabetza eta Venezuelan demokrazia berrezartzeko borrokan" jarraituko dutela berretsi du.