Mundua -
AEB
Kateatuta eta desnutrizio egoeran zeuden 13 anai-arreba askatu dituzte Kalifornian
Gurasoak atxilotu ditu Poliziak, tortura eta tratu txarrak egotzita. 17 urteko alabak ihes egitea eta larrialdietara deitzea lortu zuen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Poliziak gurasoek bahituta eta kateatuta omen zituzten 13 anai-arreba askatu ditu Kalifornian. Ama (49 urte) eta aita (57 urte) atxilotu dituzte, tortura eta tratu txarrak leporatuta.
Anai-arreba gazteenak 2 urte ditu eta zaharrenak, berriz, 29 urte. Oheari lotuta eta desnutrizio egoeran aurkitu dituzte.
17 urteko alabak etxetik ihes egitea eta larrialdietara deitzea lortu zuen, Riverside konderriko sheriffaren bulegoak jakinarazi duenez.
Agentearen esanetan, 13 seme-alabetako 6 adin txikikoak dira eta 18 urtetik gorakoak dira gainerakoak. Poliziaren arabera, zikin zeuden eta desnutrizio zantzuak zituzten, eta ospitalera eraman dituzte aztertzera.
Bestalde, gurasoak espetxeratu egin dituzte, 7,3 milioi euroko fidantzapean.