Mundua -

PROTESTAK

206 lagun atxilotu dituzte Tunisian protestak eta arpilatzeak direla eta

Gizarte zibilak eta oposizioko alderdiek manifestazioa deitu dute iganderako murrizketak eta salneurrien igoera salatzeko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 200 lagun atxilotu zituzten eta 50 bat polizia zauritu ziren atzo (asteartea) Tunisian, murrizketa ekonomikoen eta prezioen igoeraren aurka izandako protestetan eta gaueko arpilatzeetan. Estatuak orain dela hamar egun abian jarri zituen aurtengo aurrekontuak eta horien austeritateak liskarrak piztu ditu kalean.

Protestak, gehien bat, hiriburuko Djebel eta Lahmer auzoetan gertatu ziren, baita Ben Arous hiriaren kanpoaldeko auzoan ere. Azken horretan, lagun talde batek Frantziako kate ezagun baten supermerkatu batean lapurreta egin zuen, eta Estatuko Segurtasun indarrek ez zuten lapurreta hori galarazi.

Sare sozialetan mugitzen ari den bideo batean ikus daiteke dozenaka lagunek dendatik era guztietako produktuak ateratzen: elikagaiak eta gailu elektronikoak ere.

Bertoko enpresari ospetsu batek jakinarazi duenez, dendak bi ordu arinago ixteko gomendioa egin diete agintariek supermerkatuei eta merkatal guneei.

"Atzo 49 poliza zauritu eta 206 lagun atxilotu zituzten herrian", Jalifa Chibani Barne Ministerioko bozeramaileak asteazken honetan jakinarazi duenez.

Ildo horretan, gizarte zibilak eta oposizioko alderdiek manifestazioa deitu dute iganderako, salaketa bi egiteko: alde batetik, Nazioarteko Diru Funtsak eskatutako murrizketen politika, eta bestetik, Udaberri Arabiarraren matxinadaren ondorioz erdietsitako eskubide sozialen pixkanakako murrizketa.

Nazioarteko Diru Funtsak 2500 milioi euroko kreditua eman zion 2017an Gobernuari murrizketa neurrien, Administrazioaren erreforma estrukturalaren eta Estatuari emandako laguntzen murrizketen truke.

Ordudanik, Gobernuak zergak igo eta Administrazioan kaleratzeak eta aurre erretiroak gauzatu ditu.

Atzo, Yusef Chaheed lehen ministroak ulergarritzat jo zituen protestak, baina lasaitasunerako deia ere luzatu zuen "bortizkeria ez baita da onargarria". Oposizioak, berriz, mobilizazioak areagotzeko deia egin du, aurrekontuak bertan behera gelditu arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak