Mundua -
Alerta atentatu saiakeragatik
Bi emakume atxilotu dituzte Yemenen, lehergailuak bidaltzeagatik
Ibrahim Hassan Al Asiri saudiarabiarrak lehergailuak prestatu eta bidaltzearen susmagarri nagusia da. CNNren arabera, homosexualak sarri joaten ziren sinagoga baten helbidea zuen paketeetako batek.
Erredakzioa
Yemengo poliziak medikuntzako ikasle bat eta haren ama atxilotu ditu Sana hirian,&' || 'nbsp;Magdab al Faqir auzoan, ustez lehegailuz beteriko bi pakete Ameriketako Estatu Batuetara bidali izanagatik. Hori da, hain zuzen, segurtasun zerbitzuaren iturriek adierazi dutena.
Erresuma Batuan atzemandako lehergailu batean, sakelako telefono bat aurkitu eta "sim" txartelaren bidez lortu omen dute 22 urteko emakumea identifikatzea.
Saudiarabiar bat bonbak prestatu eta bidali izanaren susmagarri
Ibrahim Hassan Al Asiri bonba-fabrikatzaile saudiarabiarra bi bonba-paketeak prestatu eta bidaltzearen susmagarri nagusia da, Yemengo Gobernuko kide batek jakinarazi duenez.
Iturri beraren arabera, Saudi Arabiako kriminal bilatuenen zerrendako lehen postuetan dago Asiri, eta lehergailuen erabileran trebea da. Gainera, huts egin zuen Detroiteko atentatuarekin eta Nayaf printzearen aurkako erasoarekin lotura duelakoan daude.
Saudi Arabiako agintariek ikerketa abiatu dute; atentatu horrekin zerikusia izan lezaketen Arabiar Penintsulako Al Kaidako kideen bila ari dira.Bi paketeak Chicagoko judutarren eta homosexualen kontra zihoazen
Ostiralean lehergailuz betetako bi pakete aurkitu eta desaktibatu zituzten. Lehergailuen helburua Chicagoko bi sinagoga ziren, eta horietako batek homosexualak sarri joaten ziren sinagoga baten helbidea zuen
Paketeak karga garraiatzeko erabiltzen ziren bi hegazkinetan zeuden. Lehenengo paketea UPS mezulari enpresaren hegazkin batean zegoen, East Midlandseko aireportu britainiarrean, eta bigarrena, berriz, Dubain, Arabiar Emirerri Batuetan, Qatarreko hegazkin batean zihoan FedEx enpresaren edukiontzian.
Aurretik, mezularitza enpresen bulegoetara joan eta paketeak postaz bidali zituztenak bi emakume izan zirela jakinarazi zuten Sanako aireportuko iturriek.