Mundua -
Alerta egoeran
Londres: 'Paketeak eztanda egin eta hegazkin bat bota zezakeen'
Bidalitako lehergailuek Al Kaidaren ukitua dutela adierazi dute Ameriketako Estatu Batuek.
Erredakzioa
East Midlans aireportuan zegoen karga-hegazkin batean aurkitutako eta lehergaiez batetako paketeak "eztanda egin eta hegazkina bota" zezakeela adierazi du Theresa May Erresuma Batuko Barne ministroak.
Bere hitzetan, ez dago atentatu gehiago egon daitekeela adierazten duen informaziorik.
Badaezpadako neurri moduan, Yemengo jatorria daukan merkantziarik ez dutela Erresuma Batuan sartzen utziko adierazi du Mayk.
Bestalde, Janet Napolitano Barne Segurtasuneko idazkariak jakinarazi duenez, Yemenetik Ameriketako Estatu Batuetara bidalitako bonbek Al Kaidaren edo Arabiako penintsulako bere filiaren ''ukitua'' dute.
Napolitanoren hitzetan, "ikerketa abian da. Sistema probatu nahi duten etsaiak ditugu eta, bien bitartean, arazoa konpontzeko sorburuaren bila jarraitzen dugu".
2009ko atentatuan erabilitako lehergailu berbera.
Barne Segurtasuneko idazkariak baieztatu duenez, 2009ko abenduaren 25an huts egindako Detroiteko atentatuan erabilitako lehergailu bera zen, pentaeritritoleko trinitatoa (PETN). Orduan, Nigeriako herritar batek lehergailu hori bere barruko arropa artean ezkutatuta zeraman.
Horrez gain, ostiralean atzemandako paketeez gain, gehiagorik bidali dituzten ikertzen ari direla esan du. Horren arabera, oraindik ez dute argitu paketeak hegaldian lehertzeko prest zeuden edo Chicagoko judutarren zentroetara heltzean zartaraziko zituzten.
Bestalde, Napolitanok ez du esan zelan izan duten atentatu horren berri, hots, Saudi Arabiak emandako informazioari esker edota euren inteligentzia zerbitzuen txostenak zituzten.