Mundua -
LURRIKARA
5,2 graduko lurrikara izan da Mexikon, Oaxaca estatuan
Mexikoko Sismologia Agentziak ondoren izan diren beste bi astinduren berri ere eman du, hain zuzen ere, 4,1 eta 4,2 gradukoak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Richter eskalan 5,2 graduko indarra hartu duen lurrikara batek dardara eragin du asteazken honetan Mexikoko Oaxaca estatuan, bertan 21:23 zirela. Oraingoz agintari mexikarrek ez dute zehaztu lurrikarak kalte materialik edo hildakorik eragin duen.
Mexikoko Sismologia Agentziak zabaldutako informazioaren arabera, 5,2 graduko lurrikara 16 kilometroko sakoneran eta Pinotepa Nacional hiritik 56 kilometrora gertatu da.
Ondoren, Sismologia Agentziak beste bi astinduren berri eman du Twitter sare sozialaren bitartez. Bigarren lurrikara, 4,1 graduko indarra hartu duena, bertan 22:06 zirenean gertatu da, 15 kilometroko sakoneran eta Pinotepa Nacional hiritik 51 kilometrora.
Gutxira, beste lurrikara baten berri eman du. Bertan 22:07 zirenean jazo da 4,2 graduko indarra izan duen lurrikara, 33 kilometroko sakoneran eta Salina Cruz hiritik 33 kilometrora.
Oraingoz agintariek ez dute balizko kalteen edo biktimen inguruko daturik eman.