Mundua -

Golardoa

Venezuelako oposizioak jaso du Europako Parlamentuaren Sajarov saria

Julio Borgesek eta Antonio Ledezmak deia egin diote Europar Batasunari Venezuelako hauteskundeetan behaketa misio bat bidaltzeko.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julio Borges Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidenteak eta Antonio Ledezma Caracaseko alkate ohiak Europako Parlamentuaren Sajarov Saria jaso dute, Venezuelako oposizioaren izenean, “askatasunaren alde egindako borrokagatik”.

Euroganberan egindako hitzaldian, Borgesek deia egin dio Europar Batasunari Venezuelako hauteskundeetan behaketa misio bat bidaltzeko.

Parlamentuan oposizioko beste hainbat buruzagiren senideak izan dira, hala nola Leopoldo Lopezenak, Daniel Ceballosenak, Yon Goicoechearenak, Lorent Saleh-renak, Alfredo Ramosenak eta Andrea Gonzalezenak.

Borgesen esanetan, “milioika pertsona” pobreziaren biktima dira Venezuelan, eta Maduroren “Erregimenari” egotzi dio hori. “Askok zakarrontzietan bilatu behar dituzte elikagaiak”, adierazi du.

Bestalde, Ledezmak esan du sariak “indarra eta energia” ematen diela “demokraziaren alde borroka egiten ari diren venezuelarrei”.

Gainera, espetxean preso dagoen Leopoldo Lopezen mezu bat irakurri du, eta horrek “konpromisoa” eskatu dio Europari presoak askatzeko.

Venezuelako oposizioaren hautagaitza Beatriz Becerra eurodiputatu europarrak sustatu zuen, eta liberalen eta popularren babesa jaso zuen. Dawit Isaak idazle eritrearra eta Aurora Lolita Chavez buruzagi indigena izan ziren beste finalistak.

Gaurko ekitaldian ez dute parte hartu Europako Ezker Batuko 20 bat eurodiputatuk, tartean IUren bostek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Gaurko azken ordukoa Venezuela argazkiak Latinoamerikako azken ordukoa