Mundua -
Hauteskundeak
Raul Castroren ordezkoa zehaztuko duen hauteskunde-prozesua abiatuko da gaur Kuban
Zortzi milioi kubatarrek baino gehiagok emango dute botoa igande honetan udal-hauteskundeetan; hain zuzen ere, urtebete eta egun bat igaro da Fidel Castro hil zenetik.
Agentziak | Erredakzioa
Zortzi milioi lagunek baino gehiagok emango dute botoa gaur, igandean, Kubako udal-hauteskundeetan. Raul Castro presidentearen ordezkoa nor izango den zehaztuko duen hauteskunde-prozesuari hasiera emango dio gaurko bozketak; prozesu horretan, oposizioa saiatu da hautagai independenteek ere parte hartzeko aukera izaten, baina ahalegina alferrikakoa izan da.
Hain zuzen ere, urtebete eta egun bat igaro da Fidel Castro Iraultzaren liderra hil zenetik; prentsa ofizialak nabarmendu duenez, "Kubako herriak" komandanteari egin liezaiokeen "oparirik onena" izango dira hauteskunde hauek.
Uharteko hauteskunde-barruti guztiak kontuan izanik, 27.221 hautagai daude. Guztien asmoa da herri-botereko udal-asanbladaren batean ordezkaria izatea; izan ere, ordezkari horiek zinegotziaren antzekoak dira. Hautagai horietatik, % 35 emakumeak dira, eta % 19 gazteak: "Garai paregabea da erakusteko Kubari inork ezin dizkiola inposatu burujabetasuna, lortu nahi ditugun eskubideak, defendatuko dugun kultura, nortasuna, eta, batez ere, hastapenak", azaldu du aste honetan Miguel Diaz-Canel Kubako lehen presidenteordeak.
Diaz-Canel izan liteke Castroren ordezkoa
Aurreikuspenek diote Diaz-Canelek hartuko duela herrialdeko presidente-kargua, Raul Castro egungo agintariak otsailean presidentetza utzita. Diaz-Canelek 57 urte ditu, eta Castrok, berriz, 86; hamar urte eman ditu karguan Fidel Castroren anaiak.
Gaur hautatuko dituzten hainbat udal-ordezkari hautagaiak izango dira hauteskunde probintzialetan eta orokorretan; oraindik ez dago zehaztuta zein egunetan egingo dituzten, baina gehienez jota 90 egun igaroko dira bozketarako.
2018ko otsaila baino lehen egin beharko dituzte; izan ere, data horretarako osatuta egon behar du Herri Boterearen Asanblada Nazional berriak (Ganbera bakarreko parlamentua da). Asanblada Nazional horrek berretsiko du Kubako presidente berria nor den.
"Demokraziaren festa"
"Demokraziaren festa izango da Kuban; Iraultzaren beste garaipen bat izango da", nabarmendu du aste honetan Estatuko telebistan Alina Balseiro Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidenteak.
Oposizioaren hainbat talde herritarren plataforma batean, alegia, #Otro18 plataforman; horren xedea izan da Alderdi Komunistatik kanpokoko hautagai independenteak bultzatzea eta joko politikoan sartzea, boterean belaunaldi-aldaketa gauzatzen ari baita.
#Otro18k salatu du Kubako agintariek hauteskunde-legea urratu dutela eta jazarpena egin dutela, hautagai independenteek ez izateko aukerarik izendapen-asanbladetan hautatuak izateko. Asanblada horietan hauteskundeetarako hautagaiak zehazten dituzte.