Mundua -
70 egun lurpean
Epopeia, Txilen: 33 meatzariak, aske
Milaka pertsona kalera atera dira Txileko hiri nagusietan, 33 langileak onik erreskatatu dituztela ospatzeko. Luis Urzua izan da ateratzen azkena.
Erredakzioa
Txilek gauzatu egin du miraria. Herrialde osoan ospakizunak daude nonahi, 70 egunez 700 metroko sakoneran harrapatuta egon diren 33 meatzarien erreskatea arrakastatsu amaitu baita. Langile guztiak onik daude, eta umore onez. Kementsu. Bizi bete.&' || 'nbsp;
Operazioa bikain burutu dute, teknikariek eta geologoek hiru plan alternatibo aztertu ostean, 53 egun eman ondoren horietako bat prestatzen.
Azkenean, 24 orduko lan etengabearen ondorioz, erreskatea gaur goizaldean (Euskadiko ordua) amaitu dute. Inoiz egin den horrelako erreskate operazio handiena izan da.
Atera duten azken langilea Luis Urzua izan da, eta horrela, lurpean harrapatuta denbora gehien eman duen pertsona bihurtu da. 70 egun hauetan, meatzarien liderra izan da. Elikagaiak banatu zituen, eta espazioa hiru eremutan banandu zuen: Bat, lo egiteko; beste bat, jateko; eta azkena, oinarrizko beharrizanak egiteko.
Azalera igo bezain laster, Txileko bandera hartu eta senideek eta agintariek harrera beroa eta hunkigarria egin diote.
Ondoren, Sebastian Piñera herrialdeko presidentearekin mintzatu da, eta istripuaren eguna "infernua" izan zela esan dio. "Mendia gure gainera etortzen sentitu genuen, zer gertatzen ari zen jakin barik", azaldu dio.
Mundu osoan milioika pertsonak jarraitu dute erreskatea, telebista eta Internet bidez, 1969an gizakia Ilargira iritsi zenean bezala. Hainbat hedabidek egin dute zuzeneko jarraipena, eitb.com-ek barne, streaming bidez eskaini baitu operazioa.
Festa, Txilen
Erreskatea amaitutakoan, ehunka mila pertsona kalera atera dira Txileko herri eta hiri nagusietan, epopeia honen bukaera zoriontsua ospatzeko. Elizetan kanpai-hotsak entzun dira, eta suhiltzaileek sirenak jo dituzte.
Luis Urzua meategitik atera eta minutu batzuetara, Santiagon milaka pertsona Italia Plazara joan dira, garaipen politikoak eta kiroletakoak ospatu ohi dituzten lekura.
Ospakizunak Txile osoko hainbat herritara zabaldu dira, eta, besteak beste, Linares, Punta Arenas, Talca, La Serena eta Osorno herrietan ospakizunak izan dira nagusi.
Erreskatea hasi zenean, astearte gauerdian, senideak telebistaren aurrean jarri ziren "Itxaropena kanpalekuan" erreskatea minutuz minutu jarraitzeko.
"Fénix 2" kapsulak meatzari bat ateratzen zuen bakoitzean, negar malkoak eta zorion oihuak nagusitzen ziren.
Txileren bigarren mendeurreneko bigarren tragedia handi (otsaileko lurrikarak ehunka hildako utzi zituen) gisa hasi zena, amaiera ona izan du eta Sebastian Piñera presidenteak "mirari"tzat jo du. "Viva Chile, mierda!", esan du ozen agintari txiletarrak ereserkia abestu aurretik.
San Joseko meatzea ziurrenik itxi egingo dute, izan ere, diru eta lege arazoak dituzte jabeek aurrera egiteko eta Piñerak dagoeneko iragarri du meatzarien omenezko oroigarri bat jarriko duela bertan.
Zaharkitutako eredu ekonomikoa
Kobre ustiategiak ehun urte baino gehiago zituen eta oso baldintza prekarioetan egiten zuten bertan lan. Gainera, berriro ere, agerian utzi ditu ekonomiaren garapen eredua baliabide naturalen esplotazioan oinarritzeak dituen gabeziak.
Hori dela eta, Txileko presidenteak ohartarazi du San Josekoa bezalako meatzeak, langileen segurtasuna bermatuko duten baldintzak betetzen ez dituztenak, itxi egingo dituztela.
Piñera: "Gertatutakoa ez da zigor barik geratuko"
Erreskatea amaitu ondoren, Piñerak esan du Txilerekiko zegoen errespetua hazi egin dela mundu osoan.
"Txile ez da duela 69 egun, istripua gertatu zenean, genuen herrialdea", adierazi du Piñerak negarrari eutsita.
Halaber, ikerketan azkeneraino joateko konpromisoa berretsi du: "Lehen egunean esan genuen, hau ez da zigor barik geratuko. Zerikusirik dutenek haien erantzukizuna ordaindu beharko dute", ohartarazi du.
Zerga berria meatzentzat
Bestalde, Txileko Kongresuak meatzentzako zerga berri bat onartu du asteazken honetan, Diputatuen Ganberak ere berdin egin eta gero.
Legeak aldaketak egin ditu egungo araudian, eta % 5 eta % 14 arteko tasa ezartzen die proiektu guztiei, eta garapenean daudenei 2018tik aurrera.