Mundua -
Harrapaturik
Euforia eta zuhurtzia Txileko meatzarien erreskatea gertu dagoelako
Erreskatea datorren asteartean egingo dutela esan du Txileko Osasun ministroak, baina agintariaren adierazpenak zehaztu dituzte Meatzaritza ministroak eta erreskate lanetako buruzagiak.
Erredakzioa
Bi hilabete baino gehiago 700 metroko sakoneran harrapatuta daramatzaten 33 meatzarien erreskatea hurbil dago, eta horrek senideen eta zenbait agintariren euforia piztu du Txilen, baina adituek zuhurtzia eskatu dute.
Erreskatea datorren asteartean egingo dutela esan du Jaime Mañalich Txileko Osasun ministroak, baina agintariaren adierazpenak zehaztu dituzte Laurence Golborne Meatzaritza ministroak eta Andre Sougarret erreskate lanetako buruzagiak.
T-130 makina zulatzaileak meatzarien galeria apurtzeko 24 orduko epea eman du Golbornek, zuhurtzia erakutsiz. Makina lanetan aurreraturik doa eta datozen 24 orduetan meatzarien babeslekua zula dezake.
40 metrora
T-130 makina 585 metroko sakoneran zegoen eguneko lehen orduetan, meatzarietatik 40 metrora eskasera. Izan ere, 632 metro zulatu behar zituen meatzarien babeslekura heltzeko.
Ena Von Baer Txileko Gobernuko bozeramaileak azaldu duenez, "erreskatearen eguna ezin dugu zehaztu, teknikariek aurkitzen duten egoeraren menpe dagoelako".
Bere emaztea ostiralean meategira joango dela baieztatu du Sebastian Piñera presidenteak. Era berean, erreskatean Evo Morales Boliviako presidentea izango dela iragarri du Txileko buruzagiak, izan ere, harrapatutako meatzari bat Boliviakoa da.