Mundua -
Estatu batuak
Hugh Hefner, Playboyren sortzailea, zendu da 91 urte zituela
1953ean sortu zuen Hefnerrek aldizkaria, Esquirek bost dolarreko soldata igoera ukatu ziolako. Playboy AEBko garai horretako balore kontserbadoreen aurka sortu zuen.
agentziak | erredakzioa
Hugh Hefner Playboy aldizkariaren sortzaile karismaduna hil da gaur, osteguna, 91 urterekin, Los Angelesen duen Playboy luxuzko etxean, enpresak jakinarazi duenez.
Hefner arrazoi naturalengatik hil da, Playboy Enterprisek (Playboy inperioaren lehen enpresa) adierazi duenaren arabera.
Gainera, Playboyren Twitter kontuan Hefnerren argazki bat argitaratu eta, horretan, bere esaldi ezagun bat nabarmendu dute: "Bizitza laburregia da, beste pertsona baten ametsa bizitzen egoteko".
Chicagon jaio zen 1926an eta 1953an sortu zuen Playboy Hefnerrek, Esquire aldizkariko zuzendariek bost dolarreko soldata igoera ukatu ostean.
Playboyren lehen aleko protagonista Marilyn Monroe ikonoa izan zen. Azalean, jantzita agertzen zen, baina erabat biluzik ikus zitekeen barruko orrialdeetan, belus gorriko ohe batean.
Playboy "untxitxo" ospetsuagatik ezagutzen da eta AEBko garai horretako kode moral kontserbadoreen aurka sortu zuten.
"Hefek (Hugh Hefner) Playboy sortu zuenean, askatasun sexuala eta pertsonala defendatzeko egin zuen, AEB oso kontserbadorea zen garaian. Larrugorritasunak zeregin handia izan zuen gure askatasun sexualen inguruko eztabaidan", esan zuen Playboyk 2015ean, emakumeak biluzik erakusteari utzi ziotenean.