Mundua -
ATENTATUA LONDRESEN
Beste pertsona bat atxilotu dute Londreseko atentatuarekin lotuta
Atzo 18 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Doverren, hori ere ostiralean Londreseko metroan izandako erasoarekin lotuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Beste gizon bat atxilotu zuen, atzo iluntzean, Britainia Handiko Poliziak, Londresen joan den ostiralean izandako atentatuarekin zerikusia duelakoan. 21 urte ditu ustezko erasotzaileak, eta Hounslow herrian atxilotu zuten, Londres kanpoaldean.
Parsons Green metro-geltokiko erasoarekin lotuta, atzo goizean 18 urteko beste gizon bat atxilotu zuten Doverren. Bi atxilotuak Londreseko polizia-etxera eraman zituzten, galdeketa egiteko.
Etxean egindako lehergailu bat eztandarazi zuten metro-geltokian, eta 29 pertsona zauritu ziren. Estatu Islamikoak berehala hartu zuen bere gain erasoa. Polizia britainiarrak esan duenez, ehun lekuko baino gehiagori hartu diete deklarazioa azken orduotan, eta dozenaka bideo eta argazki aztertu dituzte, Parsons Greenen gertatutakoa argitzeko.
Atentatua izan eta ordu gutxira, Theresa Mayren Gobernuak terrorismoaren aurkako laugarren alerta maila ezarri zuen herrialde osoan.