Mundua -
Parlamenturako hauteskundeak
Afganistango lehen hauteskunde egunean talibanen erasoak ez dira eten
-Aurtengo hauteskundeetan ere < strong>iruzurraren beldur dira.-Talibanek 150 hauteslekuren kontrako erasoak egin dituzte.-Gutxienez 16 pertsona hil eta dozena bat zauritu dira.
Erredakzioa
11,4 milioi herritar botoa ematera deitu dituzte Afganistanen. 2.507 hautagaien artean, 398 emakume tartean, Parlamentuko 249 kideak aukeratu behar dituzte. Hauteslekuak goizeko zazpietatik arratsaldeko laurak arte egongo dira irekita.
Afganistani Laguntzeko Nazio Batuen Erakundearen Misioa (UNAMA) segurtasun ezagatik "arduratuta" dago; izan ere, matxinoek boikoterako deia egin eta gero, hainbat eraso eta leherketa izan dira hauteskundeetako lehen egunean.
Erasoak nonahi
Talibanek ohar baten bidez adierazi dutenez, gutxienez 16 pertsona hil eta dozena bat zauritu dira 150 hauteslekuren aurka egin dituzten erasoetan.
Polizia-iturrien arabera, hildako gehien eragin dituen erasoa Dand Shahabudin zonaldeko (Baghlan probintzian) hautesleku batean izan da; bertan, zazpi pertsona -soldadu bat eta Gobernuaren aldeko sei miliziano- hil dira.
Horrez gain, bi zibil hil dituzte tiroz Takharren (iparraldean), beste bat Baghlanen (iparraldean), bi Kunarren (ekialdean), beste bi Nangarharren (ekialdean) eta beste bi Balhken. Azken hiri horretan, halaber, zibil bat hil da lehergailu bat zartarazita. Gutxienez 18 pertsona zauritu dira Kunarren eta beste 16 Kunduzen (iparraldean).
Goizaldean, kohete bat jaurti dute Kabul TV telebista katearen aurkako erasoan. AEBetako enbaxadatik eta nazioarteko tropen kuarteletik gertu dago Kabul TV. Eraso-bolada honek eragindako hildakoen kopurua hauteslekuak itxi arte ez da jakingo; boto-emaileak ez uxatzeko, informaziorik ez emateko eskatu dio Gobernuak Poliziari.
2009ko iruzurrezko hauteskundeak
Azken asteetan, Amnistia Internazionalak eta Giza Eskubideen Behatokiak esan dutenaren arabera, Afganistan ez dago hauteskundeetarako prest. Bederatzi urte daramatzate gerran, eta segurtasun eza eta hauteskunde sistemarekiko mesfidantza dira nagusi.
Iazko presidentetzarako hauteskundeak oso gaizki egin zituzten, eta, aurten ere, iruzurraren arriskua dago.
"Hauteskunde hauek ez dira perfektuak izango", Stafan de Mistura NBEko Misioaren buruaren arabera, baina "aurrekoak baino askoz hobeak izango direla ematen du", esan du.
De Misturak gogora ekarri duenez, Kai Eide kargutik kentzea ekarri zuten presidentziarako 2009ko hauteskundeak. Orduan, botoen herena baliogabetu behar izan zuten, eta eskandalu hori isiltzea egotzi zioten Kai Eideri.
Azkenean, Hamid Karzaik irabazi zituen iazko hauteskundeak; zenbaketak berriro egin eta gero, ikerketak abiatu zituzten eta hautagaiek AEBei eta NBEri prozesua manipulatu izana leporatu zioten.
Emaitzen kiniela
Oso zaila da hauteskundeen emaitza aurreikustea, eta are zailagoa, iaz Karzai babesteagatik Abdul Rashid Dostum edo Mohammed Mohaqi lider nagusiak bakartu dituztenean.
Diruak, presioak eta hauteskundeetako iruzurrak herrialdea demokratizatzeko itxaropena zapuztuko duten beldur da lehenengo aldiz aurkeztu den Harun Mir hautagaia. "Karzairen aldekoak", esan du Mirrek Eurasia webgunean, "gehiengoa lortzeko eginahalak egin dituzte. Iruzurra egongo da zalantzarik gabe, batez ere, hegoaldean".
"Baliteke hau azken aukera izatea Afganistanentzat. Egoera aldatzen ez badugu, herriari itxaropena ematen ez badiogu, Afganistanen kaosa eta gerra zibila nagusituko dira", esan du.