Mundua -

Bizkaia

Gazte bat atxilotu dute Balmasedan EIren ideologia zabaltzea egotzita

Sare sozialen bidez terrorismo delitua egitea leporatu dio Guardia Zibilak. Harremana zuen Siriako gerlariekin; haiek materiala pasatzen zioten, eta berak, ondoren, Facebooken zabaltzen zuen.

Gazte bat atxilotu dute Balmasedan EIren ideologia zabaltzea egotzita. Argazkia: EFE
Gazte bat atxilotu dute Balmasedan EIren ideologia zabaltzea egotzita. Argazkia: EFE
Gazte bat atxilotu dute Balmasedan EIren ideologia zabaltzea egotzita. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak 22 urteko gazte marokoar bat atxilotu du gaur, asteazkena, Balmasedan (Bizkaia), terrorismo delitua egotzita.

Poliziak ohar baten bidez zabaldu duenez, atxilotua "erradikalizatutako giro batean" jarduten zen, eta ISISen ideologia zabaltzen zuen Facebooken zuen kontu baten bidez.

Gainera, "terroristen ideologia zabaltzen zuenean, Siriako gerran parten hartzen ari diren soldaduekin zituen harreman estuez baliatzen zen gerraren irudiak ere argitaratzeko".

Gaur goizean, Guardia Zibileko agenteek ia sei orduz erregistratu dute gaztearen etxebizitza, jardueraren zantzu gehiagoren eta Espainian Estatu Islamikoaren balizko zale gehiagoren bila. Gehienbat, euskarri elektronikoak erabiltzen zituen akusatuak.

Atxilotua gurasoekin eta bi arrebekin batera bizi zen Balmasedako Aldapako etxe batean. Familia osoa izan da erregistroan. 06:00etan hasi dute, eta eguerdian amaitu.

Gaztea aitaren ibilgailura eraman du Guardia Zibilak 11:05 aldera, aurpegia manta batekin estalita zeramala, eta bertan izan da agenteak autoa erregistratzen aritu diren bitartean.

Ordubete geroago, Guardia Zibileko agenteek etxebizitzatik atera, eta atxilotuta eraman dute. Hiru kaja bete dituzte etxebizitzan atzemandako materialarekin.

2013tik, "muturreko ideologia azaleratzen zuten edukiak kaleratu ditu; Islama defendatzeko Jihad eta borroka armatua egitea babesten zuen, eta DAESH, Al-Qaida, Al Nusrah talde terroristen buruzagiei gorazarre egiten zien".

Sare sozialetan, talde jihadista horien atentatuak goraipatu, eta irailaren 11ko atentatuaren urtemuga ospatzen zuen urtero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Estatu Islamikoa Gaurko azken orduko albistea