Mundua -
IRAK
Mosulgo kontrola hartu dutela iragarriko dute laster Irakeko indar armatuek
Mosulen kontrolpean zituzten guneak galduz joan diren bitartean, jihadistek eraso terroristak burutu dituzte Irakeko iparraldean. Hala, borrokan jarraitzen dute haien esku dauden eremuetan.
Agentziak | Erredakzioa
Irakeko indar armatuek “datozen orduetan” iragarriko du Estaru Islamikoa (ISIS) "garaitu" eta orain arte “talde terrorista horren” esku zeuden Mosulgo kaleen kontrola berreskuratu egin duela, Yehia Rasul operazio horren komandantziako bozeramaileak jakitera eman duenez. Hala, “gune guztietako lehergailuak indargabetzean” horren berri emango dutela berretsi du.
Rasulek azaldu duenez, jihadistek kontrolpean zituzten guneetan aurrera egin dute azken orduotan, eta une honetan borroka “azken metroetan” burutzen ari dela ziurtatu du.
Indar armatuen esanetan, Mosulgo auzo gehienetatik kanporatu dituzte Estatu Islamikoko kideak, alde zaharreko gune txiki batean izan ezik.
Inguru horretan ari dira borrokan jihadistak eta Irakeko indar armatuak. Ildo horretatik, azken orduotan aurre egitea lortu du armadak, eta larunbat honetan bertan kontrolpean hartu ditu erdiguneko zenbait toki: Nuyifi kalea eta Bab al Tub eta Sada guneak.
Bestalde, Rasulek adierazi duenez, Erfan al Haiali Irakeko Defentsa ministroak Al Qayara eskualdea (Mosul hegoalde) utzi du, Estatu Islamikoari aurre egiteko armadaren operazioa aurrez aurre jarraitu ostean.
Estatu Islamikoak Mosulen kontrolpean zituen guneak galduz joan den bitartean, jihadistek eraso terroristak burutu dituzte Irakeko iparraldean. Hala, borrokan jarraitzen du bere esku dauden eremuetan.
2016ko urrian ekin zioten Estatu Islamikoa Mosuletik eta Irakeko iparraldetik kanporatzeko operazioa. Ordudanik, armadak 2014an okupatutako guneak “askatzen” jarraitu du.