Mundua -
Sutea Portugalen
Suhiltzaileek uste dute Portugalgo sutea nahita piztutakoa dela
Hipotesi nagusiaren arabera, tximista batek eragin zuen sutea, baina suhiltzaileek esan dutenez, tximistak hasi zirenerako suak bi ordu zeramatzan piztuta.
Agentziak | Erredakzioa
Suhiltzaileek uste dute Portugal erdialdea kiskaltzen ari den sutea nahita piztutakoa dela, Gobernuak egindako lehen ikerketak tximistak batek eragin zuela badio ere.
"Tximistak hasi zirenerako suak ia bi ordu zeramatzan piztuta; hori bai, tximisten ondorioz sua indartu egin zen, baina ordurako oso handia zen", azaldu du Jaime Marta Soares Suhiltzaileen Elkarteko presidenteak.
"Kriminal batek piztutako sutea izan daiteke", esan du TSF katean.
Joan den larunbatean piztutako sutearen ondorioz 64 pertsona hil ziren, horietako asko errepidean harrapatuta, suarengandik ihesi zihoazela.
Agintariek jakinarazi dute hondamendian zauritutako lagunak 204 direla, tartean suhiltzaile batzuk daude.
Portugalgo erakundeek minutu bateko isilunea egin dute gaur, biktimen omenez. Gobernuak agindu du diru-funtsa sortuko dutela, suak kaltetutako herriak berreraikitzeko.