Mundua -

Hirugarren eguna

Portugalgo suteak piztuta jarraitzen du lau gunetan, Leirian eta Coimbran

Halere, aurreikuspenak positiboak dira, azken ordutan su-garren % 70 kontrolpean izatea lortu ostean. 64 dira hildakoak jada.

Sutea gaur kontrolpean izan dezakete

1:42

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreko larunbatetik Portugalgo erdigunea kiskaltzen ari den suteak piztuta jarraitzen du Leiria eta Coimbra barrutietan, baina aurreikuspenak positiboak dira, azken ordutan su-garren % 70 kontrolpean izatea lortu ostean.

Azken goizaldean egindako aurrerapausoen ondoren, 2.000 agente inguruk lanean jarraitzen dute, aireko eta lurreko indarrek lagunduta. Espainiak lau hegazkin bidali ditu laguntzeko.

Azken balantze ofizialaren arabera, 64 dira hildakoak eta 62 zaurituak, Pedrograo Grande udalerrian, hain zuzen. Dirudienez, tximista batek zuhaitz bat jo zuen, eta horrela piztu zen sua, aurreko larunbatean.

Egunak argitu duenean, taldeek berrekin diete lanei, atzo baino baikorrago, baina oraindik ere zuhurtziarekin, baldintza meteorologikoek itzaltze lanak zaildu baititzaketelako.

Itsasoaren eta Atmosferaren Institutu Portugaldarraren arabera, gaur 39 C-ko tenperaturak izango dira eta haize ahula ere ibiliko da Leiria eta Coimbra barrutietan.

Bitartean, biktimen identifikazioak ez du etenik, eta horretan dihardu epaitegietako medikuen taldeak. Halere, areagotzen ari dira ezbeharraren kudeaketari egindako kritikak.

Horren inguruan, Marcelo Rebelo de Sousa Portugalgo presidenteak indarrak batzeko deia egin zuen astelehenean, suari aurre egiteko, arrazoien eta arduren inguruan eztabaidatu beharrean.

"Lehentasuna suari aurre egitea eta biktimak eta haien familiak babestea da", esan zuen estatuburuak. "Aurrerago, denbora izango dugu" nahi beste eztabaidatzeko, gaineratu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Suteak gaur Gaurko azken ordukoa Lisboa azken ordukoa