Mundua -
Lurrikara
6,3 graduko lurrikara bat izan da Egeo itsasoko ekialdeko kostan
Turkiako eta Greziako hainbat tokitan sentitu dute astindua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Richter eskalan 6,3 graduko lurrikara izan da gaur arratsaldean Egeo itsasoko ekialdeko kostan, eta Lesbos uhartean (Grezia) eta Turkiako Esmirna, Bursa eta Istanbul hirietan sentitu dute astindua. Dena den, oraingoz ez dute hildakoen edota garrantzi handiko kalte materialen berririk eman.
Lurrikarak itsasoan izan du epizentroa, Greziako Lesbos uhartearen eta Turkiako Karaburun herriaren artean, Turkiako Kandilli institutu sismologikoak jakinarazi duenez, bertan 15:28ak zirenean.
Muhammet Özyüksel Karaburuneko buruzagi administratiboaren esanetan, oraingoz ez dute hildakorik edota garrantzi handiko kalte materialik egon dela esateko frogarik.
Esmirna hiria -Turkiako hirugarren hiririk handiena- lurrikararen epizentrotik 60 kilometrora badago ere, NTV Turkiako telebista katearen arabera, agintariek ez dute oraingoz hildakoen edota kalte materialen berri eman.
Astindua Istanbuleko hainbat etxebizitzatan ere sentitu dute, epizentrotik 500 kilometro baino gehiagora.