Mundua -
Atentatua Londresen
Londresko terroristetako bat kamioi bat alokatzen saiatu zen
Khuram Buttek (27 urte) ezin izan zuenez ibilgailu astuna alokatu, azkenean atentatuan erabilitako furgoneta txuria alokatu zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Joan den astean Londresko zubian zortzi pertsona hil eta beste 48 zauritu zituzten hiru terroristetako bat kamioi bat alokatzen ahalegindu zen erasoa baino lehen, Polizia britainiarrak jakinarazi duenez.
Khuram Buttek (27 urte) ezin izan zuen ibilgailu astuna alokatu, egindako ordainketak huts egin zuelako. Beraz, asmoa aldatu, eta azkenean atentatuan zenbait biktima harrapatzeko erabilitako Renault markako furgoneta txuria alokatu zuen.
Londresko metropoliko poliziaren talde antiterroristaren buruzagiaren esanetan, ezbeharra "askoz ere larriagoa izan zitekeen", terroristak kamioia alokatzea lortu izan balu.
Londresko zubiko oinezkoak harrapatu eta gero, Borough merkatuan zegoen jendea sastakatzen hasi ziren erasoa egin zuten hiru terroristak, poliziak tiroz hil aurretik. Poliziaren arabera, 30 zentimetroko xafla zuten labana arrosak erabili zituzten, eskumuturretan lotuta.
Horrez gain, gaur goizaldean 28 urteko beste gizon bat atxilotu dutela esan du Scotland Yardek, Londres ekialdeko Barking auzoko atentatuarekin zerikusia duelakoan.
Orain arte 20 bat pertsona atxilotu dituzte, eta zazpik poliziaren zaintzapean jarraitzen dute.