Mundua -
Myanmar
104 bidaiari zeramatzan hegazkin militar bat erori da Birmania ekialdean
Guztira 104 bidaiari zihoazen hegazkinean; horietatik 90 militarrak eta haien senideak ziren, eta gainontzeko hamalauak hegazkina gidatzeko tripulazioko langileak.
Agentziak | Erredakzioa
104 pertsona zeramatzan hegazkin militar bat erori da Birmania hego-ekialdean (Myanmar). Hegazkina Myeik hiritik abiatu da, baina aireratu eta minutu gutxira harremanak eten dira.
Bilaketa lanak egiteko lekura hurbildu diren larrialdi zerbitzuek hegazkin militar horren fuselajearen parte bat aurkitu dute uretan, Dawei hiritik gertu, Voa Burmese tokiko hedabideak jakitera eman duenez.
Birmaniako Armada harremanetan zegoen hegazkin horretako tripulazioarekin, baina une batetik bestera eten egin da, Dawei hiritik gertu zihoazenean. Hegazkin-istripua Myeik hiritik ehun bat kilometrora izan da.
Armadak 2016ko martxoan eskuratu zuen Y-8F-200 hegazkin militarra. Txinan ekoiztutako hegazkin horrek orain arte 809 ordu eginak zituen hegaldietan, eta Rangun hirian lur hartu beharra zuen. Alabaina, aireratu eta handik minutu gutxira desagertu da.
Guztira 104 pertsona zihoazen hegazkinean; horietatik 90 militarrak eta haien senideak ziren, eta gainontzeko hamalauak hegazkina gidatzeko tripulazioko langileak.
Larrialdi zerbitzuak tokian dira jada, eta sei itsasontziz gain hiru hegazkin dabiltza bilaketa lanak egiten. Armadak ez du baztertu hegazkin-istriputik norbait bizirik atera ahal izatea, eta erreskate lanekin aurrera jarraitzen dute.
2016ko otsailean bost pertsona hil ziren Naipyido hirian (Birmania) izandako beste hegazkin-istripu batean.