Mundua -
Atentatu bikoitza Londresen
Legean aldaketak egin nahi ditu Theresa Mayk, terrorismoari aurre egiteko
Terrorismoagatiko espetxe-zigorrak gogortu eta Internet erregulatzeko araudia sendotzearen alde agertu da.
Agentziak | Erredakzioa
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak terrorismoaren aurkako estrategian aldaketak egiteko asmoa agertu du gaur; hain zuzen ere, terrorismoagatiko espetxe-zigorrak gogortzea eta Internet erregulatzeko araudia sendotzea izan ditu hizpide. Modu horretan erantzun dio atzo gauen Londres erdigunean izandako atentatuari, zeinaren ondorioz hamar pertsona hil ziren (zazpi biktima eta hiru erasotzaile).
"Ezin dezakegu egin gauzek bere horretan jarraitu ahal izango balute bezala. Uste dugu aurre egin behar dugun mehatxuaren joera berri baten aurrean gaudela, terrorismoak terrorismoa elikatzen baitu, eta erantzuleek beste batzuei kopiatuta eramaten dituzte aurrera euren asmoak", baieztatu du Mayk Downing Streeten eman duen mintzaldian.
Lehen ministroak lau esparru zehatz aipatu ditu. Lehendabizikoa: atentatu horiek iradokitzen dituen "ideologia ankerra" borrokatzea da. Erlijio islamiarraren "perbertsiotzat" jo du, eta, bere aburuz, "pentsamolde hori ezin daiteke gailendu indar militarra erabilita soilik".
Bigarrena: estremistek Interneten duten lekua murriztea. "Ezin dezakegu utzi ideologia horrek garatzeko behar duen espazio segurua izan dezala. Horixe da, hain zuzen ere, Internetek eta Interneteko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa handiek ekartzen dietena", adierazi du. "Gobernu demokratiko aliatuekin batera elkarlanean aritu behar dugu ziberespazioa arautuko duten nazioarteko itunak erdiesteko", erantsi du.
Hirugarren esparrua estremismoa identifikatu eta Erresuma Batuko gizartetik kanporatzeko neurriak sustatzea da, eta laugarrena, terrorismoaren aurkako estrategia hobetzea da, nahiz eta "sendoa" izan, gainbegiraketa bat behar duela uste baitu "mehatxuan izan diren aldaketak-eta". Hartara, terrorismoagatiko espetxe-zigorrak gogortzearen alde agertu da, baita zigor arinenen kasuan ere.
Bestalde, Mayk nabarmendu nahi izan du Erresuma Batuko alderdi nagusiek hauteskunde-kanpaina astelehenera arte bertan behera uztea erabaki izana, Londresen bart izan diren erasoen aurrean errespetua erakusteko.