Mundua -

Pakistan

Pakistango biktimekin eskuzabalagoak izateko eskatu du Ban Ki-moonek

Uraren bidez kutsatzen diren gaixotasunak dira orain arriskurik handiena pakistandarrentzat, Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi duenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren ostegunean Ban Ki-moon Nazio Batuetako idazkari nagusiak Pakistango biktimentzako laguntza gehiago eskatuko dio Erakundeko Batzar Nagusiari; izan ere, hondamendiaren aurrean nazioarteko laguntzaren erantzuna motela da.

Farhan Haq bozeramailearen hitzetan, NBEko idazkari nagusiak joan den asteburuan Pakistanera egindako bidaiari buruzko datu guztiak azalduko ditu Erakundeko bilera berezi batean. Era berean, premiazko laguntza eskatuko du Pakistanen aurrekaririk ez duen hondamendiari aurre egiteko.

"Laguntza berehala" helarazi behar dietela esan du Ban Ki-moonek; izan ere, ura kutsatzeko arriskua oso handia da eta izurriteak pairatzen hasi dira.

Pakistango uholdeek 16 milioi laguni eragin die; Suitza, Austria eta Belgika batera bezalako azalera suntsitu dute urek, Nazio Batuen arabera.

Era berean, nazioarteko laguntzaren moteltasunagatik kezkatuta dago Erakundea; joan den astean 460 milioi dolar eskatu zizkioten nazioarteko emaileei premiazko beharrizanei (elikagaiak, ura eta osasun-laguntza) aurre egiteko.

Hondamendiaren larritasuna eta ibaien maila gora egiteko arriskua izan arren, joan den abuztuaren 11an eskatutako laguntzaren % 35a baino ez dute jaso NBEko giza agentziek.

Era berean, Islamabadeko giza agentziek uraren kutsadurarekin zerikusia duten gaixotasunen larritasunaz ohartarazi dute. Milaka kaltetu daude jada eta hilkortasun-tasak gora egin dezake.

Orain arte 87.761 sabeleko, 83.050 arnas eritasun eta 113.045 larruazaleko (sarna) gaixotasun eman dira, NBEk jasotako datuen arabera.

1.400 lagun hil dira Pakistanen uholdeen ondorioz; NBEren arabera, ordea, 1.600 hildako izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea