Mundua -
Turkia
Erdoganen erreferendumaren emaitzak inpugnatu ditu Turkiako oposizioak
Ozta-ozta bada ere, baietza gailendu da estatuburuari botere gehiago emango dion erreformaren inguruko galdeketan. Oposizioko alderdi nagusia Estrasburgora jotzeko prest agertu da.
Agentziak | Erredakzioa
Turkiako konstituzioa erreformatuta, Recep Tayip Erdogan presidenteari botere gehiago ematea ahalbideratzen duen erreferendumaren emaitzak bertan behera uzteko eskatu du Bulent Tezcan CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko presidenteordeak —Turkiako oposizioko alderdi nagusia—. Igandeko erreferendumean "iruzurra" izan dela uste du Tezcanek, eta Estrasburgora, Giza Eskubideen Europako Auzitegira, joateko prest agertu da, hori salatzeko.
Tezcanen hitzetan, hainbat herritarrek ezin izan dute pribatutasunez bozkatu; halaber, boto kontaketa ez dute modu publikoan egin.
Kritikarik zorrotzena, dena den, Hauteskundeen Biltzar Gorenaren erabakiari egin dio oposizioko alderdi nagusiak. Zigilu ofiziala ez zuten botoak onartu ditu erakundeak. Oposizioburuaren ustez, "manipulazioak" egon litezke, "botoak kanpotik ekar daitezkeelako". "Ez da legezkoa", salatu du.
"Oraingoz ezin dugu jakin zenbat boto zeuden, eta zenbat zigilatu zituzten gerora. Hori horrela, eztabaida argituko duen erabaki bakarra emaitzak bertan behera uztea da ", esan du Tezcanek.
CHP alderdiaren kideak azaldu duenez, hauteskundeen udal batzordeen eta Biltzar Gorenaren aurrean aurkeztuko dituzte helegiteak. Beharrezkoa bada Turkiako Auzitegi Konstituzionalera eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira ere joko dute, iragarri du Tezcanek.
HPD Herrien Alderdi Demokratak ere (kurduak) emaitzak inpugnatuko dituela iragarri du, botoen bi heren, gutxi gorabehera. "Eskura ditugun datuen arabera, iruzurra %3-4 artekoa da", esan du alderdiak Twitterren duen kontuan.
Turkiarren % 51,2 azaldu da Erdogani botere gehiago ematearen alde, % 48,8, kontra. Herritarren babes honekin, 2019an Konstituzioaren erreforma egingo du Gobernuak, eta hala, 2029ra arte izan liteke gobernuburu. Horrez gain, lehen ministro kargua kenduko du Erdoganek, eta bere esku geratuko da botere exekutiboa ere.
Erreformaren eta Erdoganen aldekoek defendatu dutenez, aldaketa honi esker "herrialdea egonkorrago eta ekonomikoki indartsuago" izango da.
Salbuespen egoera luzatzeko aukera
Ingurumari honetan, Nurettin Canikli Turkiako lehen ministrordeak iragarri du Gobernuak salbuespen egoera luzatzeko asmoa duela gaur bertan.
Berez, uztaileko estatu kolpearen ostean ezarritako egoera apirilaren 19ra arte dago indarrean. Aurretik ere beste bi aldiz luzatu dute salbuespen egoera.