Mundua -
Venezuela
Bost pertsona hil dira jada Venezuelan, Gobernuaren aurkako protestetan
MUD oposizioko koalizioak 'protesta nazional handia' deitu du apirilaren 19rako, eta 'milaka eta milaka pertsona' elkartzea du helburu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez bost pertsona hil dira Venezuelan, ostegunera arte MUD oposizioko koalizioak Gobernuaren aurka antolatu dituen protestetan.
Julio Borges Venezuelako parlamentuko presidenteak ziurtatu duenez, azken asteko protestetan zazpi pertsona hil dira. Dena den, beste agintari batzuek eta bertako hedabideek hildakoak bost direla adierazi dute.
Ministerio Publikoak (Fiskaltza), berriz, lau pertsonaren heriotza baieztatu du.
MUD oposizioko koalizioak Venezuelako 335 udalerrietan deitutako protestatan parte hartzeko dei egin zuen Twitter sare sozialaren bitartez. Ildo horretan, herrialdeko 23 estatutan eta Caracasen egindako protesten irudiak zabaldu ditu.
Herrialdearen barrualdean izandako mobilizazioetan ez zen istilurik izan, eta manifestariek modu baketsuan "diktadurarik ez" edota "hauteskundeak orain" bezalako aldarrikapenak egin zituzten. Hala ere, Caracaseko mobilizazioetan istiluak izan ziren polizien eta manifestarien artean. Indar publikoek negarra eragiteko gasa erabili zuten manifestariak sakabanatzeko eta horiek, ostera, lehergailuak eta harriak botaz erantzun zieten.
Oposizioaren helburua hauteskundeak aurreratzeko presioa egitea da.