Mundua -
San Bernardino (Kalifornia)
Gizon batek emaztea eta haur bat hil ditu tiroketa batean, AEBn
Northpark ikastetxean izan da tiroketa, eta bi pertsona hiltzeaz gainera, haur bat zauritu du. Erasoa egin ondoren, bere buruaz beste egin du.
Agentziak | Erredakzioa
Gizon batek San Bernardino (Kalifornia) hiriko eskola batean lan egiten zuen emaztea eta bertako ikasle bat hil ditu hezkuntza zentroan izandako tiroketa batean, eta, ondoren, bere buruaz beste egin du.
Erasoa 10:30 aldera gertatu da Lehen Hezkuntzako Northpark ikastetxean.
Erasotzailea (Cedric Anderson, 53 urtekoa) emazteak lan egiten zuen eskolan sartu da eta emaztea tiroz hil eta haren atzean zeuden bi ikasle zauritu ditu. Polizia iturrien arabera, erasotzaileak ez omen zuen beste inor hiltzeko asmorik.
Tiroketa izan eta ordu batzuk geroago, zauritutako bi ikasleetako bat hil da. Erasoan zauritu den beste ikaslea, 9 urtekoa, ospitalera eraman dute, eta "egonkor" dago.
Hildako irakasleak Karen Smith zuen izena eta erasotzailearen emaztea zen. Hala ere, bananduta omen zeuden.
Jarrod Burguan San Bernardinoko Poliziaren arduradunak azaldu duenez, erasoa gertatu denean, 15 ikasle inguru eta beste bi irakasle zeuden gela barruan. Horren esanetan, erasotzaileak aurrekariak zituen genero indarkeriagatik.
Tiroketa izan ostean, segurtasun neurriak indartu dituzte inguruan, eta bertako ikasleak beste ikastetxe batzuetara eraman dituzte.