Mundua -

Errusia

11 lagun hil dira San Petersburgon, metroan izandako leherketan

Gainera, beste 45 pertsona zauritu dira. Defentsa batzordeko buruak esan duenez, "eraso terrorista baten zantzu guztiak eman dira".

Argazkia: EiTB
Hamar hildako San Petersburgoko metroan izan den leherketaren ondorioz

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 11 pertsona hil dira eta 45 zauritu San Petersburgoko metroan izan den leherketaren ondorioz. Iturri batzuek eraso terrorista bat izan dela adierazi dute.

Dirudienez, leherketa linea urdineko bi geltokiren artean izan da, "Sennaya Ploschad" eta "Tejnologuicheski" artean, tren bat irten baino lehen. Ke mordoa eragin du eta hainbat bidaiari lekutik atera behar izan dituzte.

Geroago, metroa itxi egin dute. “15:40an San Petersburgoko metroko geltoki guztiak itxi egin dituzte, bai sartzeko, baita ateratzeko ere”, adierazi du iturri berberak. Hainbat ordu geroago, metroaren zerbitzuak martxan jarri dituzte partzialki.

Ez dute atentatu baten aukera baztertu

“San Petersburgoko metroko leherketa terrorista suizida batek burutu du. Lehergailua bagoian jarri du, irten baino lehen”, azaldu du.

Victor Ozerov Errusiako Senatuko Defentsa eta Segurtasun batzordeko buruak esan du: "Noski, atentatu terrorista baten zantzu guztiak eman dira”. Halaber, jakinarazi du ganbera legegilea segurtasun-legeak indartzeko prest dagoela.

Bestalde, Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan duenez, leherketaren arrazoiari buruzko hipotesi nagusia terrorismoa da.

“Betiere, beti aztertzen ditugu ingurabide guztiak, istripuzkoak, kriminalak eta, noski, izaera terrorista dutenak”, azaldu du. “Halere, ikerketak laster emango dio erantzun bat tragedia honi”, gaineratu du.

Moskuko agintariek hiriburuko metroko segurtasun-neurriak indartzea erabaki dute. Izan ere, 2010ean bi atentatu suizida izan ziren bertan, eta 30 bat lagun hil ziren.

Segurtasun-kamerek lehergailua jarri duen pertsona grabatu dute

San Petersburgoko metro geltokiko segurtasun-kamerek lehergailua bagoian jarri duen pertsona grabatu dute, ikerketaren iturriak aipatuta Interfax berri agentziak jakitera eman duenez.

Interfax agentziak azaldu duenez, gizonak maleta baten barruan zeraman lehergailua. Antza denez, ustezko erasotzaileak bagoiaren barruan utzi du.

Errusiako segurtasun indarrek jakitera eman dutenez, handik minutu gutxira beste metro geltoki batean lehergailu bat desaktibatu dute. Gertatutakoa argitzeko ikerketa ireki dute, eta ez dute baztertu eraso terrorista izatea.

Lehergailu bat desaktibatu dute beste geltoki batean

Errusiako agintariek jakinarazi dutenez, tresna lehergailu bat desaktibatu dute San Petersburgo zentroko metro geltoki batean, lehen leherketa izan eta denbora gutxira.

Terrorismoaren aurkako Batzordearen arabera, "Ploschad Vastania" geltokian aurkitu dute. Hiriko tren geltoki nagusia ere bertan dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusia albisteak Albisteak