Mundua -
Tragedia Duisburgon
'Loveparade'ko biktimak zanpatuak hil ziren
Alemania Estatu hileta prestatzen ari da. 'Loveparade' jaialdiaren segurtasun plana antolatzaileek, Poliziak eta arduradun politikoek defendatu zuten, baina egun bateko iraupena izan zuen batasunak.
Erredakzioa
Duisburgon ospatutako ''Loveparade'' jaialdiko 20 biktimak erorikoen ondorioz hil zirela esan zuten hasiera batean, baina lehen ikerketen arabera, jende-oldeak zanpatu eta hil ziren, Hannelore Kraft Renaniako (Westfaliako iparraldea) lehen ministro berriak jakinarazi duenez.
Alderdi sozialdemokratako gidariak ikerketari buruzko lehen datuak eman ditu, eta horien arabera, biktima guztiek ubeldurak zituzten toraxean.
Adolf Sauerland Duisburgoko alkateak kargua uzteko egindako eskakizun ugarien harira, "baliteke azkenean erantzukizun politikoak egotea", esan du.
Alemania Estatu hileta handi bat prestatzen ari den bitartean, agintarien eta ''Loveparade'' jaialdiaren antolatzaileen aurkako kritikak areagotu dira, eta baita euren arteko akusazioak ere. Angela Merkel kantzelaria eta Christian Wullf presidentea hileta-elizkizunera joango dira larunbatean.
Duisburgoko (Alemaniako mendebaldea) ''Loveparade'' jaialdiaren segurtasun plana antolatzaileek, Poliziak eta arduradun politikoek defendatu zuten hasiera batean, baina apenas egun bateko iraupena izan zuen batasunak. Gaur Poliziak bere burua defendatu behar izan du.
Adolf Sauerland alkatearen dimisioa eskatzen duten atariak ugaritu dira Interneten. 20 lagunen heriotza saihestu ez zuten segurtasun neurriak defendatu ditu gaur Poliziak kritiken aurrean.
Askotan euren mesfidantza azaldu zutela salatu dute Poliziako iturriek Süddeutsche Zeitung egunkarian.
Ikerketa
Era berean, tragediaren ikerketa Duisburgoko Poliziaren eskuetatik Colonia hiriko agenteen eskuetara pasa dela jakitera eman dute gaur.
Agintarien, antolatzaileen eta segurtasun indarren akusazioek prentsak ezagutzera emandako datuekin bat egin dute. Datu horien arabera, ''Loveparade''ko antolakuntzan segurtasun protokoloak falta zirela antzeman zuten, sarreraren eta larrialdiko irteeraren gutxieneko zabalera esaterako.
Angela Merkel Alemaniako kantzelariak eta Christian Wulff presidenteak oporrak bertan behera utziko dituztela baieztatu dute, ''Loveparade''ko biktimen hiletara joan ahal izateko. Azkenean, tragedian 20 lagun hil dira, astelehenean 21 urteko emakume gazte bat ospitalean hil ostean.