Mundua -
Erresuma Batua EBtik at
Lehendabizi, 'Brexit'a negoziatuko du EBk; gero, bien arteko harremana
Erresuma Batuaren irteera negoziatzeko irizpideen txostena kaleratu du Donald Tusk Europako Kontseiluko buruak.
Agentziak | Eredakzioa
'Brexit'a negoziatzeko jarraituko duen estrategiaren nondik norakoak txosten batean bildu ditu Europar Batasunak, eta dokumentuaren zirriborroa aurkeztu du gaur Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak Valletan (Malta).
Agiriak Erresuma Batuaren "irteera ordenatua" negoziatzeko irizpideak bildu ditu 26 puntutan. Tusken hitzetan, "Europar Batasunaren interesak defendatuko dira".
"Irteeraren inguruko akordioa nahikoa adostuta edo itxita dugunean ekingo diogu bien arteko harremanari buruz hitz egiteari. Beraz, Erresuma Batuak proposatutako hori ez da gertatuko, ez ditugu hainbat afera mahai gainean izango", ohartarazi du Tuskek Maltan eskainitako prentsaurrekoan. Aurreratu duenez, "litekeena da udazkenean" egitea negoziazioen balorazioa.
Europako Kontseiluko buruak esan du ez dutela "zigor-neurririk" aurreikusi, baina aitortu du negoziazioak "zailak, konplexuak eta, agian, liskartsuak" izango direla.
Joseph Muscat Maltako lehen ministro eta Europar Batasuneko txandakako presidenteak ideia berari heldu dio: "Ez da negoziazio paralelorik egingo. Irteera ordenatu baten irizpideak adosten direnean hasiko gara Londresekin akordio berria negoziatzen".
Erresuma Batuan bizi diren Europar Batasuneko herritarrentzat eta Europar Batasunean bizi diren britainiarrentzat akordio "ona" lortu nahi dute 27 herrialdeek. "Hutsune legalen" aurrean, enpresak babestea ere bilatuko dute. Baina bada beste kezka iturri bat Bruselarentzat: Ulsterreko egonkortasuna. Hala, Irlanda eta Ipar Irlandaren artean "muga gogor bat" saihesteko "irtenbide malguak" proposatuko dituzte.
Londresen erantzuna
Europar Batasunetik ateratzeko negoziazioak "modu eraikitzailean" egiteko borondatea duela nabarmendu du Erresuma Batuko Gobernuak, eta zirriborroaren inguruko lehen balorazioan hori goraipatu du Downing Streeteko bozeramaileak.
Londresek ohar labur batean adierazi duenez, "argi dago bi aldeek modu eraikitzailean egin nahi dituztela elkarrizketak, eta, lehen ministroak —Theresa May— asteon esan duen bezala, biek dute helburu Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko itun sakona eta berezia bermatzea".