Mundua -

Apirilean bahitu zuen

Al Kaidak exekutatu egin du Michel Germaneau frantziarra

Joan den astean, Frantziako eta Mauritaniako Armadak gizonezkoa indarrez askatzen saiatu ziren, baina operazio militarrak porrot egin zuen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Magreb Islamikorako Al Kaidak iragarri du "exekutatu" egin duela Michel Germaneau frantziarra.

"Sarkozyk ez du lortu haren aberkidea askatzea, eta [joan den asteko] operazio militarrarekin infernuaren ateak ireki dizkio haren herriari", adierazi du Abu Musab Abdul Wadudek erakunde terroristako bozeramaileak, Al Jazeera telebista katera igorritako bideo batean.

"Frantziaren ekintza koldarraren premiazko erantzun gisa, [Magreb Islamikorako Al Kaidak] exekutatu egin du Gremaneu frantziarra, operazioan hildako sei lagunen heriotzen mendeku bezala", gaineratu du.

Sarkozyren gaitzespena

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak Michael Germaneau kooperantearen hilketa gaitzetsi egin du. Bere hitzetan, "bizitza errespetatzen ez dutenek" hil dute 78 urteko kooperantea.

"Gizon zintzoa zen", esan du Sarkozyk Eliseoko eskaileratan. Hilketa honek terrorismoaren aurkako borroka "indartu" egingo duela agindu du Frantziako presidenteak.

Bahiketa

Germaneau (78 urtekoa) apirilean bahitu zuten Nigerren, eta bahitzaileek gaur arteko epea eman zuten atxilotuta dauden Al Kaidako kide batzuk askatzeko.

Bigarren aldia izan da Magreb Islamikorako Al Kaidak bahitu bat exekutatu duela. Izan ere, iazko ekainean Edwin Dyer britainiarra hil zuen, haren herrialdeak errefusatu egin baitzuen terroristekin negoziatzea.

Erakunde terroristak Albert Vilalta eta Roque Pascual espainiarrak ditu oraindik bahituta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea