Mundua -

ETORKINAK

1.300 etorkin erreskatatu dituzte asteburuan Mediterraneoan

Batzuk bidean hil dira, Siziliako kostara heldu aurretik. Datozen egunotan, ehunka gehiago helduko dira, erreskate taldeek aurreikusi dutenez.

Guardia Costierako kide bat, aurreko erreskate batean. Argazkia: EiTB
Guardia Costierako kide bat, aurreko erreskate batean. Argazkia: EiTB
Guardia Costierako kide bat, aurreko erreskate batean. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ia 1.300 etorkin heldu dira azken orduotan Sizilia Italiako uhartera, asteburuan erreskate taldeek Mediterraneo itsasoan jaso ostean. Halere, 16 urteko mutil bat hil dela baieztatu dute, Italiako kostazainen arabera.

Halaber, 500 etorkin inguru helduko dira datozen orduotan Siziliara, Europarako bidean ontzi ahuletan zihoazela erreskatatu eta gero.

Erreskate operazioetan parte hartzen ari den Proactiva Open Arms erakundeak Twitter bidez zabaldu duenez, hiru etorkin itota hil omen dira, erreskate taldeak heldu baino lehen. Alabaina, Italiako kostazainek ez dute datu hori baieztatu.

Siziliako Catania hirira heldu den 16 urteko mutiko baten heriotza baieztatu dute, 'Siem Pilot' Norvegiako itsasontziak erreskatatu eta gero. Itsasontzia Frontex EB Europako Batasuneko mugak zaintzeko agentziak bidalita dago inguru horretan lanean.

"Tamalez, etorkinetako bat hil da 'Siem Pilot' itsasontzian ostiral goizean, gaixotasun batek jota", azaldu dio Reuters albiste agentziari Jorgen Berg 'Siem Pilot' itsasontziko kapitainak. Gazte hori nondik zetorren ez dakite, eta zer gaixotasun zuen ez dute zabaldu, baina gorputzean ez zuen zauririk, Bergen esanetan.

Urte hasieratik martxoaren 2ra bitartean, 487 pertsona hil dira Mediterraneoan, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak esan duenez. 2012an, 425 hil ziren.

2014tik, milioi erdi etorkin heldu dira Italiara, kalkulu batzuen arabera. 2016an, markak hautsi zituzten Italian, 181.000 etorkin heldu baitziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Migrazioa Eguneko albisteak Albisteak Mediterraneo itsasoko kostaldea Italia Gizartea albisteak