Mundua -
Irak
100 gorpu baino gehiago aurkitu dituzte Mosulen, hobi komun batean
Hiriaren mendebaldeko auzoetatik ihes egiten ari zirela, bidean zeuden minak lehertu ostean hildako pertsonen hilotzak dira.
Agentziak | Erredakzioa
Irakeko segurtasun-indarrek 100 hilotz baino gehiago zituen hobi komun bat aurkitu dute, Mosul mendebaldean, Zahed al Jatuni Ninive probintzia-gobernuko arduradunaren esanetan.
Al Jatunik Efe agentziari egindako adierazpenen arabera, Estatu Islamiarraren kontrolpean dauden hiriaren mendebaldeko auzoetatik ihes egiten ari zirela, bidean zeuden minak lehertu ostean hildako pertsonen hilotzak dira.
Hainbat emakumeren eta haurren gorpuak ere aurkitu dituzte. Irakeko armadaren erasoetatik ihes egin nahian, bidez nahastu eta jihadistek jarritako mina-zelaietan sartu ziren.
Horrez gain, Al Jatuniren esanetan, "Irakeko armadak ez du Mosuleko ekialdeko auzoak askatzerakoan egindako akatsetatik ikasi". Halaber, alde egin nahi zuten hiritarrei ez zietela informazio garbia eman nabarmendu du. Hori dela eta, zibilei nondik joan behar duten ongi adierazi behar zaiela ohartarazi du.
Atzo, 1.500 pertsona baino gehiago joan ziren Al Maamun auzotik. Irakeko armadak Mosul askatzeko abiatutako hirugarren fasean hartutako lehen auzoetako bat da.