Mundua -
Barajaseko aireportua
Lehen zazpi disidente kubatarrak Espainiara heldu dira
Kuban diren preso politiko guztiak aske utziko dituztela ziurtatu du Moratinosek. Bestalde, beste hiru preso helduko dira Espainiara asteazkenean eta beste bat ostegunean.
Erredakzioa
Fidel Castroren erregimenak kartzelatutako lehen zazpi disidente kubatarrak Madrileko Barajaseko aireportura iritsi dira eguerdian.
Espainiaratutako Ricardo Gonzalez Alfonso disidentearen hitzetan, gaurko bidaiak Kubarentzat garai berri bat zabaldu du.
Gonzalezen ustez, erbestea "borrokaren luzatzea" da.
Era berean, Kuban hil direnentzako edo kartzelan eta ospitaletan jarraitzen direnentzako oroimen hitzak izan ditu.
Espainiako Atzerri Ministerioko iturrien arabera, jada Madrilen dira Lester Gonzalez, Omar Ruiz, Antonio Villarreal, Julio Cesar Gálvez, Jose Luis García eta Pablo Pacheco eta bere senitartekoak.
14:00 aldera, Ricardo Gonzalez Alfonso zazpigarren preso politikoaren hegazkina lurreratu da Barajasen.
Miguel Angel Moratinos Kanpo Arazoetako ministroak eta Agustin Santos Kanpo Arazoetako ministroen kabineteko buruak zazpi presoei harrera egingo diete.
''75en Taldea'' osatzen duten presoak
Orain arte, 20 disidente kubatarrek Espainiaratuak izan nahi dutela adierazi dute.
Hurrengo lau hilabetetan, 52 preso politiko askatzeko konpromisoa hartu du Kubako erregimenak. Espainiako Gobernuaren babesa duen Kubako eliza katolikoak abiatutako negoziaketaren emaitza da.
Horiek guztiak ''75en Taldeko'' presoak dira, hau da, 2003 Udaberri Beltzean atxilotutakoak.
Moratinos
Bestalde, Kuban diren preso politiko guztiak aske utziko dituztela ziurtatu du Miguel Angel Moratinos Atzerri ministroak, baina 52 baino gehiago izango diren ez du zehaztu.
Castroren erregimenak eta Kubako Elizak hasitako elkarrizketa EBren politika birdefinitzeko "alferrik galdu ezin daitekeen aukera" bat dela esan du ministroak.
Gainera, beste hiru preso Espainiara helduko dira asteazkenean eta beste bat ostegunean, Kubak askatu ostean, Atzerri Ministerioko iturriek jakitera eman dutenez.