Mundua -
Parisen eta Rouenen
Atxilotu ugari Frantzian, Poliziaren indarkeriaren aurkako protestetan
21 pertsona atxilotu dituzte, Frantziako hedabideen arabera. Theori egindako erasoak eta Traore hil izanak Poliziaren aurkako protestak areagotu dituzte.
agentziak | erredakzioa
Istilu ugari eta hainbat atxilotu izan dira bar Frantzian, Poliziaren indarkeriaren eta zigorgabetasunaren aurka egindako bi protesta berrietan, hango hedabideek zabaldu dutenez.
Bi manifestaziook (Parisen eta Rouen iparraldeko herrian izan dira) aurreko otsailaren 2an Theo 22 urteko gazteak jasan zuen erasoak (borra ipurdian sartu eta zauri larriak eragin zizkion ustez polizia batek) eta Adama Traore aurreko uztailean hil zuten gizonaren ezbeharrak eragin dute.
Bi biktimek afrikar jatorria zuten eta Parisko auzo txiroetan bizi ziren.
Parisko manifestazioa ez zegoen aurretik deituta, eta ez zuen Barbeseko (iparraldean) agintarien baimenik. 400 bat lagun batu ziren, beti ere Gobernuak duen ordezkaritzaren arabera, eta istilu larriak eragin zituen poliziaren eta manifestarien artean.
Gainera, kalteak izan dira protestaren inguruetan eta ibilgailuen zirkulazioa eten egin behar izan dute.
Ez dute zehaztu hango protestan atxiloketarik edo zauriturik izan den.
Rouenen, ostera, 21 pertsona atxilotu dituzte eta bi pertsona zauritu, Frantziako hedabideen esanetan.
Theori gertatutakoa zabaldu eta gero, Frantziako zenbait gunetan, bereziki Parisen, istiluak areagotu egin dira, gaztearen aldeko protestetan. Protesta horietan ehunka pertsona atxilo dituzte.
Frantziako Presidentetza hauteskundeetarako hamar aste falta direnean gertatzen ari dira liskarrak eta, askoren iritzian, 2005eko protesten bidea har lezakete. Horietan, ehunka auto kiskali eta liskar handiak izan ziren Poliziaren eta gazteen artean.