Mundua -
Kuba
Fariñas disidente kubatarrak bertan behera utzi du gose-greba
Datozen lau hilabeteetan Kubako Gobernuak 52 preso politiko aske utziko ditu; horietatik bost berehala aterako dituzte kartzelatik eta Espainiara eramango dituzte.
Erredakzioa
Guillermo Fariñas disidente kubatarrak preso politiko gaixoen askatasuna eskatzeko hasitako gose-greba bertan behera utzi du lau hilabete eta gero, disidentziako iturriek Europa Pressi jakinarazi diotenez.
Datozen lau hilabeteetan Kubako Gobernuak 52 preso politiko aske utziko ditu; horietatik bost berehala aterako dituzte kartzelatik eta Espainiara eramango dituzte. Erabaki horren ondorioz, Fariñasek gose-greba uztea erabaki du.
Fariñasek ohar batean azaldu duenez, Raul Castroren Gobernuak emandako epe bitartean bertan behera utziko du gose-greba.
"Nire anai-arreben aurrean sendotzeko konpromisoa hartu dut", esan du 48 urteko kazetari independenteak eta psikologoak.
Fariñasek "emakume eta gizon guztien borondate ona eskertu" du; "maniobra errepresiboen kontrako babes-ezkutua izan dira niretzat", gaineratu du.
Fariñas egoera kritikoan zegoen joan den astetik, tronbosi batek jota. Azken egunetan, baina, ez zuen txarrera egin.
Disidentea Santa Clara hiriko (Kubako erdialdea) ospitalean dago martxotik. Orlando Zapata disidentea gose grebaz hil eta gero hasi zuen baraualdia.
Habanako Eliza Katolikoaren Artzapezpikutzak gaur berretsi duenez, bost preso politiko askatuko ditu Raul Castroren Gobernuak eta Espainiara joan ahalko dira, senideekin elkartzeko.
AntonioVillarreal Acosta, Lester Gonzalez Penton, Luis Milan Fernandez, JoseLuis Garcia Paneque eta Pablo Pacheco Avila dira bost horiek.
"Datozen egunetan Espainiara joan ahal izango dira", esan du Eliza Katolikoak zabaldutako oharraren arabera. Dena den, ez dute zehazten zein unetan utziko dituzten aske, baina berehala izango dela dirudi.