Mundua -
Eliza Katolikoaren arabera
52 preso politiko aske utziko ditu Kubako Gobernuak
Oposizioko 75en Taldeko ekintzaileak dira askatuko dituzten presoak, 2003ko Udaberri Beltzan izandako errepresioan sartu zituzten espetxean.
Erredakzioa
52 preso politiko aske utziko ditu Kubako Gobernuak, horietatik bost hurrengo orduetan eta gainerakoak datozen hiru edo lau hilabeteetan, Eliza Katolikoak gaur iragarri duenez. Aske geratzen direnek senideekin batera Espainiara bidaiatzeko baimena izango dute.
Oposizioko 75en Taldeko ekintzaileak dira askatuko dituzten presoak, 2003ko Udaberri Beltzan izandako errepresioan sartu zituzten espetxean, Eliza Katolikoko komunikatu batek erantsi duenez.
Gainera, hurrengo orduetan sei preso euren bizilekuetara hurbilduko dituzte.
Kubatik atera
Datozen hilabeteetan aske utziko dituzten 47 preso politikoak Kubatik ateratzeko aukera izango dute, Kubako agintariek Elizari jakinarazi diotenez.
Jaime Ortega Habanako gotzaina Raul Castro presidentearekin, Miguel Angel Moratinos Espainiako Atzerri ministroarekin eta Bruno Rodriguez Kubako Atzerri ministroarekin bildu da eta erabakiaren berri eman diote batzarrean.
Raul Castroren Gobernuaren eta Eliza Katolikoaren artean elkarrizketa prozesua maiatzean hasi zen. Espainiako Atzerri ministroak elkarrizketa babestu du Kubara egindako bisitan.