Mundua -
Lehen itzulia
Abian dira Frantziako sozialisten barne-hauteskundeak
Inkesten arabera, Manuel Valls, Arnaud Montebourg eta Benoît Hamon dira bigarren bozketara iristeko aukera gehien duten hautagaiak.
Agentziak | Erredakzioa
Frantziako sozialisten barne-hauteskundeen lehen itzulian bozkatzeko hautes-mahaiak 09:00etan ireki dituzte. Hala, gaur erabakiko dute 2017ko Frantziako hauteskunde presidentzialei begira, zein bi hautagai arituko diren lehian barne-hauteskundeen bigarren itzulian.
Zazpi hautagai sozialista dauden arren, hiru dira, inkesten arabera, urtarrilaren 29an egingo den bigarren itzulira igarotzeko aukera gehien dutenak: Manuel Valls lehen ministro ohia, eta Arnaud Montebourg eta Benoît Hamon ministro ohiak.
Horiez gain, Vincent Peillon ministro ohia, Sylvia Pinel erradikal ezkertiarra, François de Rougi ekologista eta Jean-Luc Bennahmias demokrata ere hautagaiak dira.
Inkestek emandako datuen arabera, 1,9 eta 2,6 milioi hauteslek emango dute botoa; 2011ko barne-hauteskundeetan berriz, 2,7 milioi parte hartzaile izan ziren.