Mundua -
Bisita ofiziala
Kubako egonaldia 'arrakastatsua' izatea espero du Moratinosek
Moratinosek ez du Fariñas bisitatuko. Nazioartea Kubako presoen egoeraren jakitun denez, horrek gose greba uztea "onena" dela iritzi du.
Erredakzioa
Kubari egiten ari zaion bisita "oso positiboa eta arrakastatsua" izango dela adierazi du gaur Miguel Angel Moratinos Atzerri ministroak Habanan, eta uhartearekiko Europar Batasunaren "jarrera amankomuna behin betiko" osatzeko lanean lagunduko duela gaineratu du.
Bruno Rodriguez kantzelari kubatarrarekin bildu behar zen eta orduan egin ditu adierazpenak Moratinosek. Kubari egiten dion hirugarren bisita ofiziala bilera horrekin hasi du Atzerri ministroak. Preso politikoen inguruan Raul Castroren Gobernuaren eta Eliza Katolikoaren arteko elkarrizketa babestea du helburu bisitak.
Guillermo Fariñas disidente kubatarra bisitatuko ez duela iragarri du Moratinosek. Nazioartea Kubako presoen egoeraren jakitun denez, horrek otsailaren 24an abiatutako gose greba uztea "onena" dela iritzi du.
Disidentziak aditzera eman duenez, Fariñasek Espainiako Gobernuaren eta Europar Batasunaren "elkartasuna" eskertu du eta "ez dago minduta" Moratinos bisitan ez joateagatik, izan ere, "erregimenak konpondu behar duen kubatarren arazoa" delako.
48 urteko disidentearen osasunak okerrera egin du nabarmen azken asteetan.