Mundua -

Israel

Soldadu israeldar bat erruduntzat jo dute, palestinar bat hiltzeagatik

Biktimari buruan tiro egin zion, lurrean atxikita eta zaurituta zegoela. Israelgo Barne ministroak indultua eskatu du soldadurarentzat.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Auzitegi Militarrak gizahilketa leporatu dio Elor Azaria soldaduari, lurrean atxikita eta zaurituta zegoen ustezko erasotzaile palestinar bat hiltzeagatik, buruan tiro eginda.

Epai-mahiak zalantzan jarri ditu 20 urteko soldadu israeldarraren argudioak. Defentsak dio palestinarra hilda zegoela Azariak tiro egin zuenean eta soldaduak bere burua mehatxupean ikusi zuela. Baina bi bertsioak bateraezinak direla ondorioztatu dute epaileek.

“Terrorista ez zen inolako mehatxua”, azpimarratu du Maya Heller magistratuak. Ebazpenaren arabera, Azariak ez zituen Israelgo Armadak horrelako kasuetarako ezarritako neurriak bete. Gainera, lekuko batek esan du mendekua hartzeko egin zuela tiro Azariak.

Bestalde, epaiketa honek tentsio handia piztu du auzitegiaren kanpoaldean. Erakunde ultraeskuindarrek protestak deitu dituzte eta ehunka lagun bildu dira. Absoluzioa eskatzen dute.

Nafatali Bennet Israelgo Barne ministroak argi eta garbi indultua eskatu du zigortutako soldaduarentzat,  Haaretz egunkariak zabaldu duenez.

Avigdor Lieberman Defentsa ministroak ez du aukera hori baztertu eta esan du epaia “zaila” dela baina errespetatu egin behar dela. Era berean, soldaduari eta haren familiari laguntzeko agindua eman du.

Palestinako Atzerri Ministerioak, berriz, zigorra ez-nahikotzat jo du eta epaiketa “fartsa” bat izan dela salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gaurko azken orduko albistea Israel Palestina