Mundua -
Turkia
Gutxienez 39 hildako Istanbulen izandako atentatu batean
Beste 69 pertsona zauritu dira hiriko dantzaleku batean izandako erasoan. Polizia erasotzailea bilatzen ari da.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 39 pertsona hil eta beste 69 zauritu dira 2017ko lehen gauean Istanbulgo dantzaleku batean izandako erasoan. Turkiako Gobernuaren arabera, atentatu terrorista izan da eta biktima gehienak ez dira turkiarrak.
Erasoa gauerdiaren ostean gertatu da, pertsona bat Reina dantzalekuan tiroka hasi denean. Binali Yildirim lehen ministroaren arabera, erasotzailea ez zegoen Aita Noelez mozorrotuta, hasierako informazioek zabaldu duten bezala.
"Ezagutzen dugun moduko terrorista bat da. Ateko poliziari tiro egin zion, sartu zen eta errugabeak hil zituen tiroz. Orduan, arma utzi zuen eta ihes egin zuen kaosaren erdian", esan du Yldirimek.
"Egun sufritzen dugun terrorismoa munduko edozein lekutan gerta daiteke. Ez dago salbu dagoen herrialderik. Orain dela egun batzuk Alemanian izan zen, eta atzo Iraken", esan du.
Vasip Sahin Istanbulgo gobernadoreak esan du erasotzaileak polizia bati eta hiritarrei tiro egin ziela Ortakoy auzoko dantzalekuan sartu aurretik.
Turkiako CNN kateak adierazi duenez, zenbait pertsonak Bosforo ibaira jauzi egin zuten tiroetatik ihes egin nahian. Ondoren, Poliziak erreskatatu zituen.
Erasotzailearen identitatearen inguruko usteak
Poliziak "erasotzailearen identitatearen inguruko aukera batzuk" ditu, baina lehen ministroak ez du xehetasun gehiagorik eman. Momentu honetara arte, inork ez du atentatuaren erantzukizuna bere gain hartu.
CCNTurk telebistaren arabera, Turkiako poliziak operazio bat abiatu du Kuruçesmen, erasoa gertatu zen Ortakoyren alboko auzoan, eta ustezko erasotzailearen bila ari dira.
Hildakoak, hainbat jatorrikoak
39 hildakoen artean, 11 turkiarrak dira, 24 beste herrialdeetakoak eta 4 gorpu ez dituzte oraindik identifikatu, Hurriyet egunkariak informatu duenez.
Kazetaren arabera, atzerritarren artean, zazpi saudi, lau irakiar, hiru jordaniar, bi indiar, bi tunisiar, bi libanoar, kanadar bat, siriar bat, israeldar bat eta belgikar bat identifikatu dituzte.
Agintarien arabera, atentatua gertatu zen unean 500 edo 600 pertsona inguru zeuden aretoan.