Mundua -
Gatazka
Siriako Gobernuak eta matxinoek su-etena sinatu dute
Akordio batzuk sinatu dituzte, horien artean, gauerdian hasiko den su-etena eta bake-elkarrizketei berriro ekiteko nahia daude.
Agentziak | Erredakzioa
Siriako Gobernuak eta oposizioko armatuko talde nagusiek akordio batzuk sinatu dituzte, besteak beste honako neurri hauek jasotzen ditu: su-etenaren hasiera eta bake-elkarrizketei berriro ekiteko nahia, Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi duenez.
Hainbat ministrorekin izandako bileran, Putinek iragarri du “duela ordu gutxi” bi aldeek hiru dokumentu sinatu dituztela, 2011ko martxoan hasi zen Siriako gatazkaren ebazpenean aurrera egiteko asmoz, Sputnik albiste agentziak jakitera eman duenez.
Lehenak “su-eten bat” jasotzen du lurralde osoan, eta bigarrenak “neurri jakin batzuk” hartzen ditu betetzen direla zaintzeko, Errusiaren eta Turkiaren esku egongo dira azken horiek. Errusiako Kanpo gaietarako Ministerioak esan du ohar batean bi herrialdeek “bermatzaile” modura jardungo dutela.
Hirugarren eta azken akordioak “bake akordioei berriro ekiteko nahia” jasotzen du, azaldu du Putinek. Elkarrizketen azken txanda otsailean egin zuten, eta zeharkakoak izan ziren, Nazio Batuen Erakundeak egin zituen bitartekari lanak.
Akordio berriak hartu-eman berri bati emango lioke hasiera, Kazajistango hiriburuan, Astanan, Siriako Gobernuko kideen eta matxinoen ordezkarien artean. Bilera honetan Errusia eta Turkia ere izango dira, eta “prozesu politikoa berriro aktibatzeko” balio behar izango luke, NBEn gainbegiradapean.
Tregoa
Siriako Indar Armatuek jakitera eman dutenez, su-etena osteguneko gauerditik aurrera aplikatuko da, eta talde terroristak kanpoan utziko ditu, besteak beste, Estatu Islamikoa eta al Nusra Fronte ohia.
60.000 matxino baino gehiago
Putinek Kanpo eta Defentsa ministroei Turkiako, Irango eta Siriako buruekin kontaktuak antolatzea agindu die, “etorkizuneko pauso bateratuak” koordinatzeko helburuarekin.
Defentsa ministroak esan du akordioak zazpi talde matxinoren oniritzia duela, hau da, 60.000 borrokalarirena. “Oposizio armatuko indar nagusiak dira”, gaineratu du.