Mundua -
Siriako gerra
Siriako Armadak Alepo osoaren kontrola duela esan du
Nazioarteko Gurutze Gorriaren Batzordeak zabaldutako informazioaren arabera, 30.000 pertsona baino gehiago atera dira Alepotik aste honetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Siriako Armadak Alepo hiri osoaren kontrola hartu duela iragarri du ostegun honetan. Duela aste batzuk errebeldeen esku zeuden hiriko guneak bereganatzeko erasoaldia abiatu zuten Baxar al-Asaden aldeko indarrek, eta, pixkanaka-pixkanaka, Alepo ekialdetik errebeldeak kanporatzea lortu dute. Ondorioz, Siriako Armadaren kontrolpean dago jada hiri osoa.
Armadako komandante bat aipatuz Sana Siriako albiste agentzia ofizialak jakinarazi duenez, "Alepon segurtasuna eta egonkortasuna berrezarri dira, hirian gelditzen ziren terroristak bertatik atera ostean".
Iturri militar horren esanetan, "Alepoko garaipena inflexio-puntu garrantzitsua izango da terrorismoaren kontrako borrokan", eta "pizgarri handia" izango da "aberriaren txoko orotatik kanporatzeko".
Siriaren kontrol osoa hartzeko borrokan, lehendik motibatuta dauden militarrak gehiago motibatzeko balioko duela erantsi du. Hori dela eta, armak entregatzeko gomendioa egin die matxinoei.
Aleporen ebakuazioa
Baxar al-Asaden erregimenak eta oposizioak zibilak eta matxinoak Alepotik ebakuatzeko akordioa lortu zuten Foua eta Kefraya hirietan antzeko ebakuazioak egitearen truke. Azken bi hiri horiek matxinoen kontrolpean daude.
Nazioarteko Gurutze Gorriaren Batzordeak zabaldutako informazioaren arabera, 30.000 pertsona baino gehiago atera dira Alepotik aste honetan, eta horietatik gehienak probintziako landa eremuetara edo Idleb hirira joan dira.
Staffan de Mistura Nazio Batuen Erakundearen Siriarako mandatariak ohartarazi duenez, Alepon gertatutakoa Idleb hirian errepikatu daiteke; izan ere, litekeena da Al-Asaden eta bere aliatuen hurrengo helburua izatea.