Mundua -

Botere gehiegikeria

Sexu abusuak eta bortxaketak egotzi dizkiete 300 polizia britainiarri

Bortxaketa bat salatzera joandako 15 urteko neska bat eta drogekin arazoak zituzten pertsonak daude biktimen artean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euren nagusitasuna baliatuta, Erresuma Batuko 306 poliziak sexu abusuak eta bortxaketak egin zituzten, txosten batek agerian utzi duenez.

Ikerketa egin duen Poliziaren Ikuskaritzaren arabera, sexua helburu duen botere gehiegikeria Ingalaterrako eta Galesko segurtasun indarren ustelkeria modu "larriena" da.

Theresa May Barne ministroa zela agindutako txostenak azken bi urteetan egindako gehiegikeriak bildu ditu.

Horren berri izan ondoren, segurtasun indarren ustelkeriaren kontra diharduen Poliziaren Kontseilu Nazionalak gertatutakoak justifikaziorik ez duela azpimarratu du.

Txostenean jasotako kasu batzuk benetan larriak dira, eta agente batzuk auzipetuta daude jada. Poliziaren furgoi batean bortxatu egin zutela salatu zuen emakume batek. Bestalde, bortxaketa bat jasan zuen 15 urteko neska bat ere sexu eraso baten biktima izan zen polizia-etxean. Drogarekin eta alkoholarekin arazoak zituzten pertsonak ere badaude biktimen artean.

Amber Rudd Erresuma Batuko Barne ministroaren esanetan, txostena "eskandalagarria" da eta "Justiziari eta gizarteak segurtasun indarrengan duen konfiantzari" egiten dio kalte.

Horren hitzetan, "polizia gehienek zuzentasunez egiten dute lan, eta ziur naiz nirekin bat etorriko direla: gizarteko ahulenek merezi duten babesa jasotzen dute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Indarkeria matxista Espainian Erresuma Batua