Mundua -
Italia
Parlamentuak aurrekontuak onartu arte atzeratu du dimisioa Renzik
Italiako presidenteak behin Parlamentuan aurrekontu orokorrak onartu arte ez dimititzeko eskatu dio lehen ministroari, eta ostiralean izatea aurreikusi dute.
Agentziak | Erredakzioa
Parlamentuan aurrekontu orokorrak onartu arte ez dimititzeko eskatu dio Sergio Mattarella Italiako presidenteak Matteo Renzi lehen ministroari, eta Renzik onartu egin du, Quirinale Jauregiak astelehen honetan azaldu duenez.
Mattarella Renzirekin izan da, azken honek karguari uko egin diola jakinarazteko; izan ere, hori promestu zuen Konstituzioaren erreformari buruzko igandeko erreferendumean “ezetz”ak irabaziz gero.
Errepublikako Presidentziako prentsa bulegoak adierazi duenez, Renzik dimisioa ostiral arte atzeratzea onartu du, izan ere egun horretan aurreikusi dute 2017rako Aurrekontu Orokorrak onartzea. Italian Egonkortasun Legea deitzen diote.
“Errepublikako presidenteak, Aurrekontuen legea onartzeko Parlamentuaren prozesua osatzeko beharra ikusita, behin-behineko Gobernu batek arriskuan ez jartzeko, Kontseiluko presidenteari dimisioa atzeratzea eskatu dio”, irakur daiteke prentsari luzatutako oharrean.
20 minutu besterik iraun ez duen Ministro Kontseiluaren ostean, orain Mattarellak izan beharko du Italiako egoera politikoa marrazteko arduraduna, lehen ministroaren dimisioak sortutako krisiari irtenbidea emateko. Renzik Gobernuko kide guztiei izandako “talde espiritua” eskertu die.