Mundua -
Hauteskundeak
Juan Manuel Santos, Kolonbiako presidente
Alvaro Uriberen hautagaiak botoen % 69 lortu ditu, hau da, Antanas Mockus 'berdea'k baino 40 puntu gehiago.
Erredakzioa
Juan Manuel Santos Defentsa ministro ohiak aise irabazi ditu igande honetan Kolonbiako Presidentetzarako hauteskundeak, botoen % 69 lortuta, hots, Antanas Mockus ''berdea''k baino 40 puntu gehiago.
Hauteskunde eguna lasaia izan da oro har, baina leku batzuetan erasoak izan dira eta guztira 10 militar eta sei gerrilari hil dira. Emaitzak ezagutu eta gero, Mockusek zoriondu egin du Santos, eta "arrakasta onenak" opatu dizkio. Presidente hautetsiak abuztuaren 7an egingo du karguaren zina.
Bederatzi milioi pertsonak bozkatu dute Santosen alde, eta 3,5 milioik Mockusen alde. Parte-hartzea oso txikia izan da, % 44koa hain zuzen ere, eta boto zuriak % 3,4 izan dira.
Santos Alvaro Uribe presidentearen alderdiaren hautagaia zen, eta hauteskundeetako bigarren itzuli honetan Alderdi Liberalaren, Alderdi Kontserbadorearen eta Aldaketa Erradikala alderdiaren babesa izan du. Horrenbestez, Kongresuaren % 80 baino gehiago kontrolatuko du.
Garaipena ospatzeko hitzaldian, Uriberen ondorengoak adierazi du FARCi "denbora agortu" zaiola, eta gerrilen eta narkotrafikatzaileen aurka irmoagoa izango dela.
"Terroristek eta mundu osoak entzun dezatela: FARCi denbora agortu egin zaio. Kolonbia bahiketen eta indarkeriaren amesgaiztotik ateratzen ari da. Bitarteko terroristei eusten dieten eta kolonbiar herriari erasotzen jarraitzen duten bitartean ez da elkarrizketarik izango eta indar eta irmotasun osoz aurre egingo diegu", nabarmendu du, milaka jarraitzaileren aurrean.